Lea-Artibai irabazle XXX. BBK Sariketearen lehenengo saioan
2022-11-07 13:04 BertsolaritzeaHurrengo fasera sailkatu da.
Markina-Xemeingo Plazabarripeko kultur aretoan jokatu da XXX. Bertsolari Gazteen BBK Sariketako lehenengo kanporaketea. Etxeko taldea, Lea-Artibai, eta Arratia lehiatu dira, seina bertsolariko taldeetan, Etxahun Lekue gai-jartzailearen aginduetara. Epaileen ebazpenaren arabera, Lea-Artibaik irabazi dau. Publikoan, Bekobenta eta Berakruz ikastetxeetako ikasleak egon dira.
Txapelketako araudiaren arabera, Lea-Artibai taldeak hurrengo fasean hartuko dau parte. Arratiak, ostera, amaitu dau edizino honetako ibilbidea.
Honeek izan dira eskualde biek aurkeztutako taldeak:
- Lea-Artibai: Amaiur Galdos, Ariane Sololuze eta Ziara Larrinaga (18 urtera artekoak); eta Garazi Navarro, Ander Anakabe eta Bittor Altube (25 urtera arte).
- Arratia: Joane Bilbao, Maindi Estiballes eta Aner Zuluaga (18 urtera arte); eta Araitz Katarain, Irune Basagoiti eta Igor Galarza (25 urtera arte).
BBK Sariketako hurrengo kanporaketea eguaztenean jokatuko da, Leioako Betiko Ikastolan (10:00). Uribe Kostako eta Hego Uribeko seikoteak izango dira nor baino nor. Datorren astean izango dira fase honetako beste kanporaketa biak, Bilbon eta Mungian. Saioetako irabazleek finalaurrekoak jokatuko ditue, hilaren 21ean (Zornotzan) eta 23an (Barakaldon).
Finalaurrekoetan igarriko dogu aurtengo edizinoko nobedadeetako bat, saioak arratsaldez izango diralako, goizez beharrean. Hortaz, publikoan euskaltegietako ikasleak egongo dirala aurreratu dabe Bizkaiko Bertsozale Alkarteak eta Ikastolen Alkarteak. Final-laurenetako saioetan, goizez, ikastetxeetako ikasleak dira entzuleak.
Aurtengoa sariketearen 30. edizinoa izanik, abenduaren 1eko finalaren eguna be berezia izango da. Bilboko BBK Salan, 18:00etan hasiko da finalisten arteko lehia, baina sorpresak eta ospakizuna agindu ditue antolatzaileek. Sariketearen parte izan diran bertsolariak, gai-jartzaileak, epaileak... batuko dira, egindako bidea gogoan. Eskualde bakotxeko bertsolari bana egongo dira: Ibon Iza, Onintza Enbeita, Igor Elortza, Asier Alcedo, Oihana Bartra, Nerea Ibarzabal, Etxahun Lekue eta Jone Uria.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!