Musikari gazteei deia, III. Villasound-en parte hartu deien

Bizkaie! 2022-11-07 12:51   Musikea

Abenduaren 13ra arte emon leiteke izena.

Bilboko Udalak III. Villasound Jaialdiaren deialdia zabaldu dau. Banda eta bakarlari gazteentzako lehiaketan hamabi taldek hartuko dabe parte eta interesa dabenek proposamena bialdu leikie, abenduaren 13ra arte, webgunearen bidez.

Izena emoten daben guztien artean, epaimahaiak hamabi talde edo bakarlari aukeratuko ditu, eta Bilborocken zuzeneko kontzertuak joko ditue. Erdiak, sei, hurrengo fasera pasauko dira: musikagintzearen hainbat alorretako formakuntzea (VBS Mentoring) emongo deutse adituek eta, fasearen amaieran, irabazle bat egongo da. Espainian lau kontzertu jo ahal izango ditu talde horrek.

Aukeratutako hamabi hautagaiek emon beharreko kontzertuak 2023ko martian izango dira, Bilborocken. Lau saio izango dira, bakotxean hiru talde edo bakarlarigaz. Publikoa doban sartu ahal izango da. Hurrengo faseko seirek maiatzetik irailera egingo dabe formakuntzea.

III. Villasound jaialdian parte hartu nahi daben musikariak 16 eta 30 urte bitartekoak izango dira, eta Hego Euskal Herrikoak. Izan be, Udalaren helburua da banda eta bakarlari barriei bultzadea emotea eta euren talentua kanpora eroatea.

Estiloari jagokonez, ostera, ez dago muga askorik: rocka, popa, metala, trapa, elektronikoa, folka, egile musikea... Danetariko generoak onartuko ditue, baita fusino edo nahasketak be. Taldeak aukeratzeko orduan, epaimahaiak kontuan izango dau euskerea erabiltea eta kideen artean emakumeak egotea, ezinbesteko baldintzak ez diran arren.

Giroa berotu eta musikariak izena emon deien animetako, dobako kontzertua atondu dau Bilboko Udalak zemendiaren 11n, barikua. Bilborocken izango da eta Brava bakarlari gipuzkoarra entzun ahal izango dogu. Ganera, Villasounden aurreko edizino bietan parte hartu daben talde bi izango dira oholtzan: Ramona's First Evil Boyfriend gipuzkoarrak (2021) eta Txopet bizkaitarrak (2022).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu