Batzarra egin dabe 'Batuz aldatu' dinamikearen sinatzaileek

Bizkaie! 2022-11-07 10:31   Euskerea berbagai

Bultzada soziala adostasun politiko bihurtzeko Talde Eragilea aurkeztu dabe.

Donostian egin dabe Batzar Nagusia (argazkia: Kontseilua) | Ikusi handiago | Argazki originala

Kontseiluak sustatuta, Batuz aldatu dinamikearen parte dira ehun eragile inguru, euskerearen erabilerea bermatzeko adostasun sozial eta politikoa helburu. 2021eko bagilean aurkeztu eben jentaurrean Batuz aldatu agiria eta, urte eta erdi geroago, I. Batzar Nagusia egin dabe sinatzaileek, Donostiako Parke Teknologikoan.

Hasieran zehaztutako bidearen ezinbesteko pausua da Batzar Nagusia. 2021ean, konpromiso bi hartu zituen: eremuz eremu hizkuntza-politiketako lehentasunak identifiketea; eta adostasun soziala adostasun politiko bihurtzeko bideak jorratzen hastea.

Hain zuzen be, bigarren konpromiso horri begirako neurri zehatz bat aurkeztu dabe Donostian, adostasun politikoa bilatzeko Talde Eragilea. Sinatzaileen arteko entidadeok dagoz bertan: AEK, Agirre Lehendakaria Center, Athletic Club Fundazinoa, Bizipoza Bilgunea, Euskal Herriko Laborantza Ganbara, Euskal Kontsumitzaileen Alkartea, Euskaltzaleen Topagunea, Eusko Ikaskuntza, Gazte Euskaltzaleen Sarea, Gipuzkoako Erizainen Elkargoa, Mondragon Korporazinoa, Nafar Ateneoa eta Zabalik Alkartea.

Batuz aldatu dinamikan dabizanen aniztasuna erakusten dau Talde Eragileak, Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaoren arabera. Dana dala, adostasuna gehiago zabaltzen segidu behar dala be azpimrratu dabe.

Bestetik, eremu bakotxean euskerearen erabilerea bermatzeko bete behar litzatekezan neurriak be aurkeztu ditue Donostiako batzarrean. Esate baterako, administrazinoan, herritarrei euskerazko zerbitzua emoteko epemugea ipintea da proposamenetako bat; hezkuntzan, ikasle guztiei euskerazko gaitasuna emongo deutsen eredu bateratua martxan jartea; eta eremu sozioekonomikoan, administrazinoagaz egiten diran kontratuetan hizkuntzearen alorreko erespideak ezartea.

Agiria sinatu ebenetik hona martxan jarri diran ekimen batzuk aurkezteko be aprobetxau dabe Batzar Nagusia. EAEko Hezkuntza Legearen inguruan agertu dan adostasuna edo sindikatuakaz batera administrazinoa euskalduntzeko hasitako mobimendua aitatu ditue.

Alkarregaz eragin ezkero, emoitza hobeak lortuko doguz, adierazo dau Paul Bilbaok. Garrantzitsua da eragile guztiok hizkuntzearen ikusepegia be txertatuta izatea. Horrezaz gan, alkarregaz eragiteko espazioak eregiten badoguz, askoz be errazagoa izango da hizkuntza-politiketan eragitea, adostasun sozialetik adostasun politikora salto egitea.

Batzarra amaitzeko, Batuz aldatu agiria sinatu eta dinamikeagaz bat egin daben eragile barriei ondoetorria egin deutse.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu