Daniel Innerarity eta Amagoia Paskual Eiguren dira Begoñazpi Ikastolako Gazte Role sarituak
2022-11-07 10:44 KultureaSaria, Nestor Basterretxea eskultoreak ikastoleari egindako eskulturea, zemendiaren 8an emongo da.
Daniel Innerarity
Gazte Role Model Saria Bilboko Begoñazpi Ikastoleak balore profesional eta solidarioak saritzeko urtero emoten dauen saria da. XIII. edizino honetan, autorpena jasoko dabe Daniel Innerarity filosofo eta ikertzaile bilbotarrak eta Amagoia Paskual Eiguren enpresari durangarrak, Addilan Fabricacion Aditivako CEO eta Innobasque barrikuntzearen euskal agentziako zuzendaritza batzordeko kideak.
Sariak emoteko ekitaldia Bilboko ikastolan egingo da (Jesús Galíndez 15, -Txurdinaga- Bilbo) datorren martitzenean, zemendiaren 8an (18:30) eta bertan izango dira, besteak beste, Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua, Lorea Bilbao Bizkaiko Kultura eta Euskara diputadua, Asier Abaunza Bilboko Obra, Uri Plangintza eta Proiektu Estrategikoetako zinegotzia eta Bilboko gotzaina Joseba Segura.
Amagoia Pascual Eigurenek jasoko dau saria enpresa Eredu profesionalaren kategorian eta Daniel Innerarityk, barriz, Eredu solidarioaren kategorian.
Euskadiko bizitza profesional eta sozialeko zazpi kide garrantzitsuk osotutako epaimahaiak, alde batetik, Amagoia Paskual Eiguren bizkaitarraren (Durango, 1972) ibilbide profesionala nabarmendu dau. izan be, 20 urte daroaz makina erremintaren sektoreari lotuta, oinarrizko sektorea Euskadirentzat.
Euskadi Avanza Saria 2019, Paskual Eigurenek Maher Holding talde industrialaren proiektua gidatu eban 2013an eta, ondoren, Addilan Fabricación Aditiva S.L.ren gidaritzea hartu eban. Enpresea 2017an sortu zan eta tamaina handiko eta balio erantsi handiko pieza metalikoak
egiten ditu.
Holan, epaimahaiak nabarmendu dau enpresariaren lidergoa makina erremintaren sektore garrantzitsuan, barrikuntzaren zerbitzura dagoan ekintzailetzan eta onura kolektiborako sektore barriak bultzatzeko herrialde konpromisoan.
Gizarte libre eta bidezkoak kategorian, Innerarity-ren (Bilbo, 1959), ibilbide luze eta emonkorra eta antolaketa politikorako eta gobernantzarako sistemak ikertu dituala nabarmendu dau epaimahaiak. Sistema honeek gizarte libre eta bidezkoak garatzeko balio leikie, kide guztien bizikidetza baketsu eta solidarioaren alde, ezelako bazterketa barik.
Zaragozako Unibersidadeko filosofia sozial eta politikoan katedraduna, Euskal Herriko Unibersidadeko ikertzailea eta Gobernantza Demokratikoaren Institutuko zuzendaria, Innerarity munduko pentsalari handienetako bat da. Esangura horretan, Gazte Role Model Sarien epaimahaiak ondokoa azpimarratu dau: “Gizarte demokratikoen egungo arazo eta erronkei sormenez eta zorroztasunez aurre egiteko lana egin dau, horreen gakoak argitzen saiatuz eta, aldi berean, horreek kudeatzeko jarraibideak eskainiz, esparru politikoaren barrikuntza sakona dakarrena maila guztietan”.
Horregaitik guztiagaitik, hamahirugarren edizino honetako epaimahaiak saridun bien lan profesional eta humanitarioa autortu eta balioan jarri dau euren lana gazteentzako eredu legez barrikuntzan, giza hartu-emonetan, autoerrealizazino profesionalean eta behartsuenenaurreko alkartasunaren arloetan, Merkat Bernaola ikastolako zuzendariak azaldu dauenez.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!