Joakin Lizarragaren lexikoaren azterketa liburua plazan dago
2022-11-07 07:50 KultureaNafarroako Gobernuak eta Euskaltzaindiak aurkeztu dabe.
Lizarragaren lanetatik hautatutako 1.509 berben azterketa lexikoa jasoten dau argitalpenak, Mendaur bildumako Joakin Lizarragaren lexikoaren azterketea. Idazlearen bizitzearen nondik norakoak, obrea, erabilitako idatzizko iturriak eta lexikoaren azterketa filologiko eta dialektologiko sakonak agertzen dira liburuan.
Joakin Lizarraga edo Lizarraga Elkanokoa (Elkano, 1748 - Elkano, 1835) abade eta euskal idazlea izan zan. Garaiko idazle euskaldun garrantzitsuenetakoa, lanak hegoaldeko goi-nafarreraren Iruñerriko aldaeraz idatzi zituan, orduko euskera jasoan. Sasoi bateko Iruñerri euskaldunean bizi ziran eleiztarrei heziketa erlijiosoa eskaini ahal izateko, 5.000 orrialde inguru idatzi zituan eskuz eta euskeraz. Hizkuntzeari jagokonez, oso aberatsa da Joakin Lizarragaren lanek eskaintzen daben informazioa.
Sagrario Aleman Euskaltzaindiaren Nafarroako ordezkariaren eretxiz, Joakin Lizarragak Eguesibarko euskeraz idatzi eban. Ezaugarri horrek balio berezia emoten deutso bere lan oparoari, Iruñerriko berbakerea galdu egin baitzan. Beraz, Elkanoko idazleari esker, hegoaldeko goi-nafarreraren aldaera hori betiko gordeta geratu da.
Liburu honek zati edo atal nagusi bi ditu: Azterketea eta hiztegia. Azterketearen zatian Lizarragaren bizitzaren nondik norakoak, obrea, erabilitako idatzizko iturriak eta erabilen lexikoaren azterketa filologiko eta dialektologiko xeheak batu dira. Obra hau orain arte egin dan Joakin Lizarragaren ondarearen azterketa sakonena dogu, azken bost urteotan Euskaltzaindiaren eta Nafarroako Gobernuaren artean egindako hitzarmenetan jaso da eta Nafarroako Gobernuak finantziau dau.
Mikel Arregi Euskarabideko zuzendari-kudeatzaileak Akademiarekin Gobernuak dauen alkarlana eta haren emoitzak azpimarratu ditu: Euskaltzaindiagaz sinatzen dogun hitzarmenaren bidez, Nafarroako Gobernuak urtero-urtero laguntzen ditu euskerearen corpuserako nahiz estatuserako interesgarriak diran egitasmoak eta argitalpenak.
Ibai Iriarte Goñi
Iruñean jaio eta telekomunikazinoen munduan lanean dabil baina euskerearen inguruko ezagutza sakonagoa izateko gogoak eraginda Gasteizen Euskal Ikasketen gradua ikasi eban. 2017an graduau eta hurrengo urtean Euskal Filologia eta Hizkuntzalaritza masterrari ekin eutson ikerketearen harrak atrapauta. 2017ko irailetik 2022ko urtarrilera Nafarroako Gobernuak eta Euskaltzaindiak babestutako Joakin Lizarragaren lexikoa aztertzeko egitasmoan parte hartu dau eta EHUko doktorego programako kide da 2019tik.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!