Sustrai Colinak pausu sendoa egin dau finalean sartzeko
2022-11-07 07:57 BertsolaritzeaNerea Ibarzabal bigarren izan da Irunen jokatutako finalaurrekoan.
2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko hirugarren finalaurrekoa jokatu zan zapatuan Irungo Ficoban, orain arteko jentetsuena: harmailetan 2.510 zale eta giro beroa. Sustrai Colinak irabazi eban saioa eta, 710 puntu batuta, finalean egoteko pausu sendoa egin dau.
Colinaren atzetik, bigarren izan zan Nerea Ibarzabal, baina bien arteko aldea handia izan zan. 673 puntugaz, bigarren itzulian indartsu ibili beharko da markinarra Iruñeko finalean kantau nahi badau. Jone Uria hirugarren sailkatuak 660,5 puntu batu zituan Irunen.
Laugarren Miren Artetxe izan zan (644,5 puntu), bosgarren Maddalen Arzallus (635) eta Ane Labakarentzat izan zan seigarren postua (631,5). Gai-jartzailea Maialen Belarra izan zan.
Hurrengo saioa finalaurrekoetako lehenengo itzuliko azkena izango da. Durangoko Landako Gunean da hitzordua, hilaren 12an, honeek bertsolariak oholtzan dirala: Aitor Bizkarra, Aitor Mendiluze, Beñat Gaztelumendi, Eñaut Martikorena, Julio Soto eta Saioa Alkaiza.
Hiru finalaurreko jokatuta, holan dago puntuen sailkapena:
Alaia Martin 729,5
Joanes Illarregi 711
Sustrai Colina 710
Oihana Iguaran 688,5
Amets Arzallus 688
Agin Laburu 677
Nerea Ibarzabal 673
Jone Uria 660,5
Unai Agirre 652,5
Miren Artetxe 644,5
Onintza Enbeita 639,5
Maddalen Arzallus 635
Ane Labaka 631,5
Nerea Elustondo 628
Iñaki Apalategi 623
Asier Azpiroz 616,5
Haritz Mujika 615
Aitor Etxebarriazarraga 612
Bestetik, Bizkaie! webguneko irakurleen artean saio batzuetarako sarrerak banatzen gabiz, hurrengoak zemendiaren 12an Durangon jokatuko dan finalaurrekorako izango dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!