Euskadiko Orkestreak eta Robert Treviñok 'Ravel 2' diskoa aurkeztu dabe

Bizkaie! 2022-11-04 12:41   Musikea

Konpositore ziburutarraren obrearen alde frantsesa erakusten dau.

Maurice Ravel konpositorearen obra nagusien diskoa, Euskadiko Orkestreak eta Robert Treviño zuzendariak 2021ean plazaratua, arrakasta handikoa izan zan eta berehala lortu eban publikoaren zein kritikearen onespena. Hori ikusirik, bigarren zatia atondu dabe, Ravel 2 izenekoa, eta Ondine diskoetxearen eskutik heldu da merkadura. 

Lehenengo albumean Maurice Ravelen konposizinorik ezagunenen interpretazinoak batzen ziran, sortzaile ziburutarraren produkzinorik hispaniar eta euskaldunena ardatz. Oraingo honetan, hain ezagunak ez diran obra batzuk grabau ditue Euskadiko Orkestreak eta Treviñok, obrearen alde frantsesa oinarri dala.

Pierre Boulezen orkestrazinodun Frontispice obrearen munduko lehenengo erregistroa dakar disko barriak, baita Ma mère l’Oye ballet partiturearen grabazino osoa be. Valses nobles et sentimentales, Menuet Antique eta Shéhérezade (Ouverture de féerie) obrek biribiltzen dabe bildumea. 70 minutu dira danetara, Euskal Herriko konpositorerik handienetako baten obrea ezagutzeko apropos-aproposak.

Lehenengo diskoan agertutako alde hispaniar-euskaldunaren eta bigarren honetako frantsesaren arteko aldea azaldu dau Robert Treviñok: Oraingoan, materiala ez da hain argiro euskalduna, erritmoei jagokenez edo euskal herri zein urietan idatzi izanari jagokonez, baina euskal konpositore handi baten lana esploretan jarraitzen dogu. Euskadiko Orkestrearen eta Ravelen musikearen arteko loturea aspaldikoa da eta bigarren disko honetan errepertorioak neurri handiagoan erakusten dau haren alderdi frantsesa.

Diskoez aparte be, Maurice Ravelen musikea sarri zabaltzen dau Euskadiko Orkestreak, eta Robert Treviñok, zuzendari titular danetik, bide horretan sakondu dau. 2023ko martian birea egingo dabe Polonian, eta ziburutarraren Bolero ezaguna izango da pieza nagusia. Abonu-denporaldian be ohikoa da Ravelen doinuak entzutea.

Orkestreak eta Treviñok alkarlanean plazaratzen daben hirugarren diskoa da Ravel 2. Aurreko bien moduan, nazinoarteko merkaduan zabalduko dabe, Ravelen lehenengo diskoaren kritika onek bultzatuta. Gramophone aldizkari espezializaduak dagoeneko aitatu dau Ravel 2 bere orrietan, disko bikaina dala dino.

Denda handietan erosi leiteke diskoa formatu fisikoan (Elkar, Fnac eta halakoetan). Bestela, plataforma digitaletan be eskuragarri dago.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu