Euskaltzaindiak ez dau arazorik ikusten ume bati 'Hazia' izena ipinteko
2022-11-04 09:48 Euskerea berbagaiEpaile batek ez deutso izen hori aukeratzen itxi familia bati.
Polemikea dabil egunotan euskal izendegiaren kontura, Gasteizko epaile batek ez deutsalako familia bati Hazia izena ipinten itxi euren ume jaiobarriari. Izena umearen duintasunaren kontrakoa dala eta orain arte ez dala erabili azaldu dau epaileak, eta erregistroan Zia ipinteko agindu, Hazia-ren ordez.
Familiak ez dau epailearen ebatzia onartu eta, gizartean zein komunikabideetan sortu dan ardurea kontua izanda, Euskaltzaindiak be esku hartu dau. Hazia izena onartzeko ez dauela eragozpenik edo arazorik ikusten adierazo dau Akademiak ohar batean.
Gasteizko epailearen aurrean Hazia-ren alde modu formalean egitea be ez dau baztertu Euskaltzaindiak, familiak halan eskatu ezkero: Euskaltzaindia txosten bat idazteko eta hurrengo egunetan familiaren esku jarteko prest dago, nahi eta behar izan ezkero, izen horren inguruko auzia bideratzeko helburuz erabili deien, dino oharrak.
Aurretik be familiak eskatu eutsan Euskaltzaindiari Hazia-ren inguruko eretxia. Hizkuntza aldetik, izen arrunt batetik eratorritako beste izen batzuen parekoa dala uste dau Akademiak: Amets, Haizea, Lizar, Nahia, Zeru, Zuhaitz...
Era berean, Euskaltzaindiak aitatu dau lantzean behin halako gorabeherak egoten dirala erregistro zibilean, euskerazko izenak dirala eta. Sarri, izena zein generori jagokon izaten da eztabaidagaia. Euskaltzaindiak, 2018an, malgutasunez jokatzeko eskatu eutsan Espainiako Justizia Ministerioari generoari jagokozan kasuetan, gogoratu eragin dau oharrean. Frantziako legeakaz be arazoak egon izan dira, esate baterako, ñ letradun izenik ez ebelako baimentzen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!