Kultura eta Hizkuntza Politika sailak 353,2 miloe euroko aurrekontua izango dau 2023an

Bizkaie! 2022-11-04 09:46   Kulturea

Aurten baino 30,5 miloe gehiago.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak Eusko Legebiltzarrean azaldu ditu berak zuzentzen dauen sailak datorren urterako aurreikusita dauen aurrekontua. Danetara 353,2 miloe euroko aurrekontua izango dau sailak, aurten baino 30,8 miloe gehiago. Kopuru horretatik 170,7 miloe euro izango dira sailera bideratutakoak eta gainerako 182,5 miloe euroak EITBra bideratuko dira.

Kultura eta Hizkuntza Politika sailak kudeatuko dituan diruak:

· Kultura Sailburuordetzea: 71.055.492 euro.

· Hizkuntza Politika Sailburuordetzea: 73.545.542 euro.

· Jarduera Fisikoa eta Kirol Zuzendaritzea: 12.733.687 euro.

· Etxepare Euskal Institutua: 3.478.000 euro.

Europako Next Generation Programako MRR funtsak be gehitu behar dira kopuru horreetara. Kultura eta Hizkuntza Politika sailak 3,8 miloe euro izango ditu. Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak azaldu dauenez, 2023. urtea, aurtengoa bezela, inbersino ahalegin handiko urtea izango da.

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak Eusko Legebiltzarrean azaldu dauenez, gaur aurkeztutako aurrekontuak tresna egokia dira kultura, euskerea eta kirol arloko politikak jorratzen jarraitzeko eta bultzadea emoten jarraitzeko bizi dogun ezegonkortasun egoerearen aurrean, norabide argi bat baitogu marraztuta.

Andoni Iturbe, Kultura sailburuordea, Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordea, Gorka Iturriaga Jarduera Fisiko eta Kirol Zuzendaria eta Leire Corrales Zerbitzu zuzendaria izan ditu lagun Zupiriak Eusko Legebiltzarreko agerraldian.

Kultura sailburuordetzea

Kultura sailburuordetzeak dauen 71 miloe eurotako aurrekontua lau helburu estrategiko beteteko bideratuko da:

1. Talentua lantzeko aukerak ugaltzea: 22,2 miloe euroko aurrekontua sorkuntzea sustatzeko bideratuko da. Musikea, arte eszenikoak, ikus-entzunezkoak, arte plastikoak eta ikusizkoak edo Kultura eta Sormen Industrien arloko deialdiak eta egitasmoak bultzatuko dira.

2. Kultur eskaintzea aberastu eta gizarteratzea: 30,3 miloe euro erabiliko dira Zupiriak azaldu dauenez, Euskadin kultur eskaintza zabala eta aberatsa elikatzen jarraitzeko. Holan Artearen Sistemea osotzen daben kultur azpiegitura eta egitasmo handiak babesten jarraituko da (Guggenheim Bilbao Museoa, Bilboko Arte Eder Museoa, Artium Museoa, euskal artista garaikideen arte lanen erosketea), museoez gan, Euskadiko Orkestra, Euskal Herriko Gazte Orkestra, Zinemaldia, Musika Hamabostaldia, Gasteizko Jazzaldia, Irudika Nazinoarteko jardunaldiak...).

Liburutegian jarduera bultzatu eta Irakurzaletasuna sustatzeko Ekintza Plana be indarrean jarriko dira.

3. Kultura Ondarea jagoten eta komunidadeen eboluzinoa buztartzea: 17,4 miloe euro erabiliko dira, besteak beste, ondarearen arloko hainbat inbersino bideratzeko: Orconera, Barakaldoko mea-kargalekuen birgaitzea, Irungo Urdanibia jauregia, Getariko Zarautz jauregia edota Miramar Jauregia birgaitzeko edo eta Iruña Veleia eta Artziniegako monumentu multzoa balioan jarteko. Gehienak 2022an hasitakoak dira eta 2023an jarraipena izango dabe. Azkenik, Arabako Errioxaren paisajea Europako ondare izentetako lanei ekingo jajke.

Ondarea eta digitalizazinoa buztartzen daben proiektuak be sustatzen jarraituko da, besteak beste, Euskariana Euskadiko Liburutegi Digital edota artxibo publiko eta pribatuen digitalizazinoa.

4. Salto digitala sustatu eta ahalbideratzeko 1,1 miloe euro bideratuko dira.

Hizkuntza Politikako Sailburuordetzea

Hizkuntza Politikako Sailburuordetzeak 73,5 milo euroko aurrekontua izango dau 2023an. HPSren aurrekontuaz gan, Administrazino Publikoaren Hizkuntza normalkuntzarako IVAP-ek 10,8 miloe kudeatuko dira eta hezkuntza sistemea euskalduntzeko beste 64,2 miloe bideratuko dira. Danetara, zenbateko horreen batureak euskerea sustatzeko politikari jagokozan 148,5 euroko aurrekontua osotzen dau.

Bingen Zupiria sailburuak Eusko Legebiltzarrean azaldu duenez, euskerearen normalizazinoan aurrera egiteko helburu eta lehentasunak finkatu dira. Gainera aurrekontua osotzerakoan -herritarrak erdigunean jarri ditugu-; baliabide ekonomiko barriak zuzen-zuzenean herritarren ongizatea indartzeko dira, herritarren eta gure sektorean esparruz esparru lanean dabizan kideen ongizatea, bere osotasunean.

Aurrekontu eta diru partida zehatzez gan, sailburuak azaldu dau Hizkuntza Politika Sailburuordetzan 2023rako urte oparoa izango dala araugintzan, bai arlo estrategikoan, baita sustapenean be.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu