Emakumeak protagonista VIII. Bazter Fest Jaialdian
2022-11-03 10:44 MusikeaZemendiaren 5ean da hitzordua, Bilborocken.
Hip hopean eta musika urbanoan dabizan artistak batuko dira Bilborock aretoan zapatuan, hilak 5. Gorabidean diran bertoko sortzaileak zein kanpotik etorritako musikari ezagunak batuko ditu hitzorduak, danak emakumeak, Bazter Fest Jaialdiaren helburua dalako hip hopean dabizan emakumeen presentzia handitzea eta publikoarentzat ezagunago bihurtzea. Bilboko Ibaiondo barrutiko kulturgintzeari bultzadea emotea da beste helburua.
Zapatukoa zortzigarren edizinoa izango da eta zaleak doban sartu ahal izango dira Bilborocken, egitarau bete-beteaz gozetako. La Basuk aurkeztuko dau saioa, Bilboko musikagile ezaguna eta publikoaren gogokoa da eta. Oholtzatik, bertoko eta kanpoko artistak pasauko dira: Aiala Dot, Fani, Prichia eta Suzanna.
Aiala Dot laudioarra reggae doinuak lantzen hasi zan, baina hainbat soinu eta estilotara zabaldu dau bere estiloa. Donostiatik dator Fani, hamarkada bat baino gehiago kontzertuak emoten ibili dan artistea. Nizuri Tazuneri taldeko kidea da Fani.
Kanpoko artisten artean, Frantziatik dator Prichia beatboxer, egile eta konpositorea. Ezuste handia izan da bere herrialdeko beatbox lehiaketetan: 2019an, Frantzian lehiaketa misto bat irabazi eban lehenengo emakumea izan zan. Kataluniako Suzanna abeslari, gitarrista, produktore eta konpositoreak zarratuko dau Bilborockeko saioa. Talde eta guzti etorriko da Bazter Fest-era.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!