Hitzarmena sinatu dabe Euskaltzaindiak eta Euskal Gorrak Federazinoak
2022-11-03 09:55 Euskerea berbagaiErakunde bien arteko alkarlanaren bidez gorren ikusgaitasuna handituko da.
Euskaltzaindiak eta Persona Gorren Alkarteen Euskal Federazinoak (Euskal Gorrak) hitzarmena sinatu dabe, hizkuntzearen alorrean alkarregaz lan egiteko eta, batez be, gorren errealidadea gizarteratzeko. Bilbon egindako ekitaldian, Andres Urrutia euskaltzainburua eta Euskal Gorrak Federazinoko presidente Aitor Bedialauneta egon dira.
Akordioaren bidez, Euskaltzaindiak konpromisoa hartu dau euskal herritar gorren ikusgaitasuna handitzeko, euren entzumen-galerea edozein dala be. Horretarako, hizkuntzeagaz lotutako ekimenak atonduko ditue erakunde biek alkarlanean.
Esate baterako, gorrentzat esanguratsuak diran egunetan jarduera bereziak egitea aurreikusi dabe. Abenduaren 3a egun aproposa izan leiteke, Desgaitasunak dituenen Nazinoarteko Eguna eta Euskerearen Eguna dalako. Bestela, irail hasieran Zeinu-hizkuntzen Nazinoarteko Eguna da.
Ganera, hitzarmenean jasoten da gorrentzat baliagarriak diran euskerazko berbak eta terminoak egokitzea eta Euskaltzaindiaren ekitaldi nagusietan gorrentzako irisgarritasuna bermatzea. Ganera, Akademiaren argitalpen esanguratsuetan zeinu-hizkuntzea kontuan izango da aurrerantzean.
Andres Urrutia euskaltzainburuak hitzarmen honek dakarren onurea nabarmendu dau: Euskaltzaindiaren jardunbidearen funtsezko abiaburua da gizatalde kalteberei laguntzea, bai eta herritarren gizarteratzea eta parte-hartzea errazten daben jarduerak eta baliabideak sustatzea be.
Euskal Gorrak Federazinoko Aitor Bedialaunetak, ostera, behar-beharrezkotzat jo dau akordioa, euskerearen alorrean orain arte pausu gitxi egin diralako. Gure egoerea plazaratzeko eta egiten doguna adierazoteko beste bide bat emongo deusku, ganeratu dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!