Geroa Ikastoleak jasoko dau aurten Argia Ereiten Euskera Saria

Bizkaie! 2022-11-03 09:19   Kulturea

Datorren zemendiaren 17an hartuko dabe saria Muxikebarrin.

Geroa Ikastoleak jasoko dau aurten Argia Ereiten Euskara Saria ikasturte honetan bere 50. urteurrena ospatuko dauelako. Getxoko Udalak urtero emoten dauen Sariak euskerearen gizarte erabilerea sustatu eta zabaltzeko egindako lana autortzen dau, kasu honetan urte honeetan guztietan ikastoleak euskereagaz izandako konpromisoa eta egindakoa. Saria emoteko ekitaldia Muxikebarrin egingo da datorren zemendiaren 17an, eguenean, 20:00etatik aurrera.

Pozik eta ilusinoz hartu dabe sariaren barri Geroa Ikastolan, 1979tik aurrera berton lanean eta egun zuzendaria dan Loli Hernandezek autortu dauenez, guretzat hainbat urtetan jente askok egindako ahaleginaren eta lanaren errekonozimendua da.

Historia

Ikastola gehienakaz jazo zan legez, Geroa Ikastolearen sorrerea ez zan erreza izan 70. hamarkadearen hasieran. Lehen urratsak Algortako San Nikolas ikastoleagaz lotuta emon zituan, Egunsentia izenpean, orduko Ume Hezkuntzako talde bategaz (20 ume eskas), La Venta inguruko herritar baten etxean eta ondoren Itxas Argia taldeak Malakaten itxitako lonja edo etxabe batera pasau zan. Handik familia batzuek erositako Orduña kaleko lonja batzuetara joan zan eta 83/84ko ikasturtean Udalak itxitako antxinako Santa Maria eskolara. Hamar bat urtetan leku bitan egon zan eta gero ikastoleak publiko izateko erabagia hartuebanean, Hezkuntza Sailak Maidagan kalean edegitako eraikin barrira joan zan. Hainbat urte igaro ondoren, talde guztiak batu ziran eremu horretako eraikin bietan.

Geroaren ibilbidean bigarren aldiz zuzendaria dan Loli Hernandezek hasieratik ezagutu ditu ikastolearen sorrerea eta bere moemntu garrantzitsuak Andra Mariko auzokidea dalako. Horregaitik uste dau oinarrizkoa izan zala garai horretan La Venta inguruan ikastoleak Isla familiak itxitako lokalean hainbat urtetan izandako taberna herrikoia, diru iturburua izateaz gan, herri giroko gunea izan zalako, eragile sozialen inplikazinoagaz. Nabarmentzeko moduko beste momentu bat izan zan San Nikolas ikastolaren menpekotasun legaletik aldentzea eta nortasun propioa izatea lortu ebanekoa, horrek eskatu ebalako leku gehiago, bestelako antolamendua eta langile gehiago. Beste bat ikastola guztiek publiko izan ala Ikastolearen Alkartean geratzea erabagi behar izan ebenean izan zan: Ikastoleak bere berezitasunakaitik erabagi eban sare publikora jotea eta erabagi zuzena izan zan. Gainera hemen ez zan arazorik izan nahiz eta familia batzuk ados ez egon, bat egin eta ikastolan jarraitu eben eta garrantzitsuena ikastolea bera zala erakutsiz nortasun juridikoaren gainetik, azaldu dau zuzendariak. Ondoren, eraikin barria eregi ebenean, maila guztiak lortu eta proiektuari jarraipena emoteko momentu garrantzitsuak izan ziran.

Auzoan errotutako ikastolea

Geroa Ikastolea oso errotuta egon da beti Andra Mari auzoan: Umeek sentiduten dabe ikastolea lotuta dagoala auzoagaz. Gure ikasleak, salbuespenak salbuespen, ingurukoak dira eta horrek aukerea emoten dau eskolak amaitzen diranean familia giroan jarraitzeko. Ikastolea zabalik dago hartu-emon dinamika horri jarraipena emon ahal izateko. Ikastolan egun 238 ikasle, 22 irakasle (batzuk ikasle izandakoak) eta oso inplikauta dagozan familiak dagoz. Ikastoleak gaur egun berezitasun batzuk ditu: Proiektuen bidez lan egitea, gehienbat oso errotuta dago Ume Hezkuntzan. Beste berezitasun bat da irakaskuntzearen
digitalizazinoa: Eta betidanik ardatza izan dana euskerearen erabilerearen alde lan egitea. Orain gazteak diran familiakan euskaldun kopuruak gora egin dau, baina hizkuntzeari begira era guztietako familiak ditugu, inplikazino maila hadiagaz, proiektua sendoa da eta prest gagoz hizkuntzearen erabilerearen normalizazinoa lortzeko. Euskerea ikasteko eta biziteko hizkuntzea da eta ikasleei jarduerak eskaintzen deutseguz helburuak lortzeko, azaldu dau Hernandezek.

Ospakizunak

50. urteurrena ospatzeko ikasturte osoan zehar ekintza ugari atonduko ditue eta ikasturtearen amaieran ospakizun handi bat. Batzorde bat sortu dabe horretarako, kolektibo guztiak tartean dirala: Danok ospatuko dogu eta ahal izan ezkero; orain gagozan lekuan, gagozan moduan eta daukagun proiektua dogu aurreko 50 urteetan beste hainbatek lan egin dabelako. Hau bide bat da eta gu heldu gara bide honen puntu honetara aurretik egon diranek lan egin ebelako eta horregaitik ahal dogun neurrian horreekaz danakaz be ospatuko dogu. Modu baten bila gabiz ahalik eta ikasle, irakasle eta familia gehienaakaz konpartiduteko eta ospatzeko, nabarmendu dau Loli Hernandezek.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu