Durangaldeko Ikerlari gazteentzat deialdia zabaldu dau Gerediaga Alkarteak

Bizkaie! 2022-11-02 12:32   Kulturea

Lanak 2023ko apirilaren 17rako aurkeztu behar dira.

Gerediaga Alkarteak Durangaldeko ondarea, historia, kultura eta gizartearen jagoletzea, ikerketa eta zabalpenagazko zaletasuna eskualdeko gazteen artean bultzatzeko helburuagaz sortu eban udabarrian Durangaldeko Ikerlari Barrien Saria. Orain, bigarren deialdia dago martxan.

Euskerazko ikerketa eta dibulgazino lanak sustatu eta ezagutzera emongo dira, kategoria bitan: 18 urtera artekoak eta 19-35 urte bitarteko gazteak. Ikerketa gaia edo arloa Durangaldean kokatutakoa izan behar da eta, beraz, edozein jakintza-arlotako ikerketa, sormen edo dibulgazino lana izan daiteke: Besteak beste, Historia, gizartea, kulturea, hizkuntzea, ekonomia, ondarea, lurraldea, turismoa eta musikea. Lana euskera hutsean aurkeztu behar da, jatorrizko lana eta lau formatutan aurkeztu ahal izango da: Artikulua, poster akademikoa, ikus- entzunezkoa edo podcasta.

Bakarkako lana edo talde lana izan daiteke. Eskatzailea Durangaldean bizi edo ikastea ezinbesteko baldintza izango da eta talde lana bada, taldeko kide batek gitxienez bete beharko dau baldintzea.

Apirilaren 17ra arte egongo da lanak aurkezteko epea. Epaimahaian dagoz Iruri Altzerreka Martinez Zuzenbide ikaslea, Helene Sanchez Zelaia bioteknologian graduadua eta Liher Larrañaga Gabiria ikus-entzunezko komunikazinoa ikasitako gazteak.

Egitasmo honek Durangoko Merinaldearen Amankomunazgoaren babesa jaso dau.

Lehen deialdiko irabazleak

Peio Martin Estevez (Zornotza, 17 urte) - Elkarrizketa amamarekin: Andaluziatik Euskal Herrira biziten etorritako amamaren bizipenak jasoten dituan ikus-entzunezko laburra da. Gerediagako youtube kanalean dago ikusgai.

Ibone Gomez Tamayo (Zaldibar, 18 urte) - Euskal bidaiariak: Durangaldeko herrietatik bidaia egitea proponiduten dau ikus-entzunezkoak eta herri bakotxeko leku esanguratsuenak aurkezten ditu. Gerediagako youtube kanalean dago ikusgai.

Adrian Burgada Ereño (Durango, 29 urte) - Ibaizabal ibaia: Ibaizabal ibaiaren Goi-Arroko landa-paisajearen bilakaerea aztertzen dau idatzizko ikerketa-lanak. Horretarako, Europako Corine Land Cover programea, Euskadiko Baso Inbentarioak eta PNOA programak aurkeztutako kartografia aztertu eta galera-mailearen hurreraketa kuantitatiboa zehaztu dau. Gerediaga Alkarteak Durangoko Amankomunazgoaren babesari esker lehenengoz 2022an egin dan Ikerlari Gazteen Bekea irabazitako lana izan da. Ibaizabal ibaiaren goi-arroaren paisajeak hiru hamarkadan bizi izan dauen eraldaketea eta urigintza prozesua azaltzen dira. Egilea Durangoko geógrafo gaztea da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu