Sophia Chamber Choir nagusi Tolosako 53. Abesbatza Lehiaketan

Bizkaie! 2022-11-02 11:02   Musikea

Sari Nagusia eta publikoarena irabazi ditu talde ukrainarrak, besteak beste.

Sophia Chamber Choir | Ikusi handiago | Argazki originala

Ukrainara joan dira Tolosako 53. Nazinoarteko Abesbatza Lehiaketako sari handienak, Kiev uriko Sophia Chamber Choir epaimahaiaren zein publikoaren gogokoa izan da eta. Kutxa Sari Nagusia irabazi dabe Aleksey Xamritskik zuzendutako abeslariek, baita beste hiru be: Publikoaren Saria, Ganbera Abesbatzen Polifonia ataleko lehenengo saria eta Folklore ataleko lehenengoa.

Ganera, Kutxa Sari Nagusia irabazteagaitik, 2023an Hungariako Debrecen urian egingo dan Abesbatzen Europako Sari Nagusirako izendapena be Sophia Chamber Choir-entzat da.

Bestetik, euskal abesti baten interpretazinoari emoten jakon Eusko Jaurlaritza Saria Estoniako Ellerhein Girls' Choir taldearentzat izan da. Errota kantuaren interpretazino hunkigarria eskaini eben gazte estoniarrek.

Umeen abesbatzen atalean, lehenengo saria Riga Cathedral Girls Choir Tiara letoniarrek irabazi dabe. Bigarren lekuan, Adolf Fredrik's Girls' Choir (Suedia) geratu da, eta, hirugarren, Veus-Cor Infantil Amics de la Unió (Katalunia).

Ganbera abesbatzen atalean, gorago aitatutako moduan, Sophia Chamber Choir-ek eroan ditu folkloreko zein polifoniako lehenengo sariak. Folklorean, Brigham Young University Singers (AEB) eta St Stanislav Girls' Choir (Eslovenia) bigarren izan dira, ex-aequo; eta Mixed Choir Maska (Letonia) hirugarren. Polifonian be, Brigham Young (bigarren) eta St Stanislav (hirugarren) nabarmendu ditu epaimahaiak.

Leidor Aretoan entzun ahal izan doguz 53. Abesbatza Lehiaketako parte-hartzaileak, barikuan, urriak 28, hasita. Sariak zemendiaren 1ean emon ditue.

Honeek egon dira epaimahaian: Xabier Sarasola mahaiburua, Petra Grassi (Italia), Martina Batic (Eslovenia), Cesar Alejandro Carrillo (Venezuela), Joan Sramek (AEB), Mats Nilsson (Suedia) eta Shin-Hwa Park (Hego Korea).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu