Zapla! podcastaren lehen atala zabalik

Bizkaie! 2022-11-02 08:16   Euskerea berbagai

Hizkuntza ohiturak aldatzeko gida modura sortu dau Euskaraldiak.

Zapla! podcastaren lehen atala sareratu dabe bart EiTB podkast plataforman. Euskaraldiak sortutako lau ataleko podcast honetan hizkuntza ohiturak aldatzeko baliabideak eskaini nahi izan dira, euskerearen erabilerea handitu eta hizkuntza ohiturak aldatu nahi dituen herritarrei tresnak eskaintzeko helburuari eutsiz. Monika Belastegi eta Juan Kruz Lakastak gidatutako podcastean hizkuntza portaerei lotutako edukiak landuko dira. Estres linguistikoa, sumisino linguistikoa, asertibidadea eta hizkuntzeak behar dituan gune babestuak izango dira, besteak beste, landuko diran kontzeptuetako batzuk. Horretarako adituakaz egindako alkarrizketak izango dira ardatz podcastaren lau atalotan.

Horrezaz gan, hizkuntza hautua be izango da podcastaren aztergai nagusietako bat. Hizkuntza hautuari lotutako lau testigantza be ezagutu ahal izango ditue podcastaren entzuleek.

Euskaraldiaren hirugarren edizinoaren bezperatan ahobizi eta belarriprest rolak jokatuko dituen herritarrentzako baliabideak eskaintzea izan da podcastaren sortzaileen asmoa. Podcastean baliabide horreek lantzeko hainbat egoera zehatz be irudikatuko dira, adituen aholkuak jaso ahal izateko.

Zapla! zemendiaren 18tik abenduaren 2ra egingo dan Euskaraldiaren hirugarren edizinoaren testuinguruan sortu bada be, aurrerago be erabilgarria izango dan tresnatzat hartu dabe podcastaren sortzaileek.

Kontuak kontu, zemendiaren 1ean sareratutako Zapla! podcastaren lehen atalean Gemma Sangines psikologoa izan da alkarrizketatu nagusia. Sangines hizkuntza asertibidadea lantzeko eskaintzen diran TELP tailerren sortzaileetako bat da eta Zapla! podcastaren lehen atalean estres linguistikoa, hizkuntza sumisinoa eta asertibidadearen gainekoa izango da.

Lehen atal honetan Juan Ignacio Perez Iglesias Kultura Zientifikoko Katedrearen zuzendari eta Jakiundeko presidentearen parte hartzea be izan da, hizkuntza
hautuaren inguruko bere testigantzea eskaini baitau.

Ordu erdiko iraupena izango dabe Zapla! podcastaren lau atalek. Zemendiko lehen lau martitzenetan sareratuko dira atalok, EiTB podkast gunean(www.eitb.eus/zapla) batetik eta beste lau audio plataformatan bestetik (Google podcast, Apple podcast, Ivoox eta Spotify plataformetan).

Podcasta Euskaraldiak sortu dau EiTB podkast plataformarako eta produkzinoa On Time-k egin dau. Aurkezle lanetan Monika Belaustegi eta Juan Kruz Lakasta kazetariak ibili dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu