Itxaro Borda eta Andres Alberdi, euskaltzain oso izateko hautagai
2022-11-02 08:10 Euskerea berbagaiZemendiko osoko bilkuran egingo da botazinoa.
Hutsune bi dagoz euskaltzain osoen zerrendan, Xarles Videgain eta Andoni Sagarna euskaltzain emeritu izatera pasau diralako aurten. Horreen bien ordezko izateko hautagai bi agertu dira Gasteizko Etxezarra jauregian Euskaltzaindiak egindako osoo bilkuran: Itxaro Borda eta Andres Alberdi.
Zemendiko osoko bilkuran erabagiko dabe euskaltzain osoek eta emerituek Bordaren eta Alberdiren hautagaitzak onartzen dituen. Botazinoa egingo dabe eta gehiengoa lortu ezkero, euskaltzain oso izatera pasauko dira.
Xarles Videgain euskaltzain lapurtarrak 75 urte bete zituan bagilean eta Andoni Sagarna gipuzkoarra garagarrilean heldu zan edade horretara. Euskaltzain emeritu bihurtzeko mugea da 75 urteena, eta horregaitik agertu dira hutsune biak.
Itxaro Borda (Baiona, 1959) ikasketaz historialaria da eta ogibidez, postaria. Baina euskaldunen artean idazteagaitik da ezaguna, batez be. Prosan, poesian eta kazetaritzan idatzi izan dau eta Euskadi Literatura Saria irabazi eban 2002an, % 100 Basque liburugaitik. Amaia Ezpeldoi detektibearen nobelek be jarraitzaile ugari ditue.
Andres Alberdi (Getaria, 1959) irakaskuntzan nabarmendu da, luzaroan irakasle izan dalako eta ikasliburu ugaritan be hartu dauelako parte. Jaurlaritzearen Hezkuntza Saileko EIMA programan be ibili zan. Euskaltzaindiaren barruan, Zientzia eta Teknika Hiztegia Biltzeko lantaldeko kidea eta Euskara Batuaren Eskuliburua-ren arduraduna izan da, besteak beste. Ahoskeraz eta gramatikaz be liburuak idatzi ditu.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!