Eneritz Furyak: 'Zergaitik ez erabili trikitixearen doinua, ez dakit, rave batean?'

Bizkaie! 2022-10-31 08:05   Barriketan

Eneritz Furyak parte-hartzaileen artean izango da Euskal Herriko Nazinoarteko Trikitixa Jaialdian; Errenterian eta Galdakaon izango dira kontzertuak zemendiaren 5ean eta 6an.

Hamar urteko etenaren ondotik, Euskal Herriko Trikitixa Alkarteak atondutako Nazinoarteko Trikitixa Jaialdia da. 20 urte joan dira lehenengo Nazinoarteko Trikitixa Jaialdia egin zanetik eta, beraz, ospakizun giro honetan, trikitia barriro be nazinoarteko erakusleihoan jarriko dau Euskal Herriko Trikitixa Alkarteak.

Ibilbide oparoko atzerriko soinu-jotzaile bigaz batera, Euskal Herriko hiru trikitilari barritzaile konbidau ditue Ainhoa Urretabizkaia kazetariak aurkeztuko dituan jaialdietara.

Parte-hartzaileak: Eneko Dorronsoro eta Fredi Pelaez, Damien Mullane, Eneritz Furyak, Liv Hallum eta Ivan Caro, Süne eta Huizi.

Jaialdia

- Zemendiak 5, 18:30ean, Errenteriako Niessen Kulturgunean. Sarrerak hemen.

- Zemendiak 6,, 17:30ean, Galdakaoko Torrezabal Kultur Etxean. Sarrerak hemen.

Sarrerak urriaren 24tik aurrera salgai egongo dira.

1.- Nazinoarteko Trikitixa Jaialdian parte hartzeko konbita noiz jaso zenduan? Zer sentidu zenduan?

Udearen hasieran izan zan. Lehenengo unean pentsau neban nahaste-borraste bat izan eitekeala: Badakizu, Eneritz izenagaz... egon egongo dira trikitilariak! Gero aitu neban zeozer berezia egin nahi ebela aurten eta horregaitik egin eustiela proposamena. Ilusino handia egin eustan arrazoi bigaitik: Batetik, nik soinua urte luzez jo neban erromeria/jaien testuinguruan gazteagotan eta giro horreetatik une batean asko urrundu nintzan, lekuz kanpo sentiduten nintzalako, ez nebalako nire lekua topau hor. Horrek instrumentutik be asko urrunarazo ninduan. Aurrerago jo izan dot zuzenean, gehienbat nire aurreko taldean, Kasernaraten, baina kantu pare batean baino ez. Eta beste alde batetik, esperimentazinorako gogo eta eskarmentu handiagoa (eta bildur gitxiago) dodan momentuan atrapau nau proposamenak eta uste dut gizartean eta musikan be atea gehixeago zabaldu deutsagula horri azken aldi honetan. Nahi dozuna egin zeinke trikitixea erabili bitartean esan eustienean, ardurea be sentidu arren... ilusinoa egin eustan. Askatzailea izan zan, zeozelan esan nahi dauelako konfidantza apur bat badabela zugan, segurutik ohituta gagozan trikitixa doinuen aurrean zeozer oso ezbardina egingo dozula jakin arren. Eta, niretzat, trikitixara barriro hurreratzeko atxaki ona da, erosoago sentiarazoten naben beste estilo batzuetatik. Azken batean, maite dot instrumentua, hari esker hasi nintzan musikan.

2.- Musikaria zara eta soinu txikia joten be plazarik plaza ibilitakoa zara. Jente askok ez dau jakingo plazan be eskaini dozuzala kontzertuak...

Esan bazela, urteak dira trikitixea oholtzan gehiegi jo ez dodala. Erromeria munduan anonimoa nintzan, horrek dakarzan abantailakaz. Gerora, jo izan dot, baina ez azken urteotan. Halan da be, beti egon da apur bat presente instrumentua nire sorkuntzan. Eneritz Furyak bazala atara neban azken diskoan be, Emadan-en, bada trikitixarik. Beste kontu bat da, zelan erabilten dodan disko horretan eta ia adi ez dagoan belarriarentzat bereizgarria ete den. Trikitixeak doinu berezia dau, baina sintetizadoreakaz buztartuta, kasik sintetizadore bat gehiago dirudi. Kamuflauta dago diskoan. Eta esan behar dot gustetan jatala instrumentuaren desmistifikazino hori, bat gehiago da esatea edo.

3.- Jaialdian lehenengo aldiz agertuko zara oholtzan eta soinu txikia erabiliko dozu. Pozik zagoz?

Bai. Errespetua be eragiten deust. Oholtzan izango diran beste kideak instrumentista bikainak dira, nire ondoan birtuosoak. Nik ez dot trikitixea modu horretan erabiliko, kontrakoa baino, hatzamarrakaz joko dodana oso sinplea izango da, baina elektronikako produktore moduan jokatuko dut, zeozelan azaltzearren. Askori, akaso, ez jake gustauko, baina bateren batek gozetan badau... horregaz geratuko naz. Asmoa trikitia beste testuinguru batera eroatea da, modu utilitarioan erabiltea, melodiei garrantzia handirik emon barik. Zergaitik ez erabili trikitixearen doinua, ez dakit, rave batean?

4.- Hamar urteko etenaren ondoren, Euskal Herriko Trikitixa Alkarteak atondutako Nazinoarteko Trikitixa Jaialdia izango da aurten Errenterian eta Galdakaon. 20 urte joan dira lehenengo Nazinoarteko Trikitixa Jaialdia egin zanetik eta ibilbide oparoko atzerriko soinu-jotzaile bigaz batera, Euskal Herriko hiru trikitilari barritzaile konbidau ditue aurten...

Egia esan, ni behintzat poztu nau itzulereak, baina batez be buelta horri emon nahi izan deutsen esangureak. Uste dot ausarta izan besar zarela holako kartel bat proponiduteko, musika tradizionalari hain estu lotuta egon dan instrumentu bategaz. Bizirik dagoala erakusteaz gan, bizirik jarraitu deian ziurtatzeko modua be begitantzen jat. Gazteak hurreratzeko baino (ze gazteak egon badagoz, baimenik eskatu barik gauzak egiten, zorionez), doinu batzuetara ohituta egon diran belarriak be esnarazoteko, eztabaidak sortzeko...

5.- Damien Mullane zein Liv Hallum eta Ivan Caro ezagutzen dozuz?

Tradizinotik hurrago diran mundu horreetatik urrun ibili naz azken urteotan eta ez, ez nituan ezagun. Baina nire aldetik, ezezagutzea abantaila edo opari bat da. Deskubriduteko aukerea emoten deustalako. Gauza batzuk entzuten ibili naz, eta zer esan... bikainak dira.

6.- Süne, Eneko Dorronsoro eta Fredi Pelaez ibilbide luze eta emonkorrekoak dira. Badozue hartu-emonik zuon artean?

Euskal Herria txikia da eta musikearen munduan gehienok alkar ezagutzen dogu zeozelan, baina kasualidadez ez dot hareekaz hartu-emon personalik izan. Tira, kasualidadez baino, uste dut agirikoa dala arrazoia: Testuinguruak eta estiloak edo instrumentuek bereizten gaitue, eta begira, honi esker, langa hori apur bat txikiagoa izango da. Hareen lana jarraitu dot, jakina.

7. Zure ibilibide musikala orain urteak hasi zan. Kasernarat taldean ekin zeuntsan, harik eta 2017an bakarkako lehen diskoa argitaratzeko saltoa egin zenduan arte. Ordutik, auto-produkzinoko hiru disko argitaratu dozuz, azkena, 2021ean, gaur-gaurkoak diran eraginez jositako post folk estiloko hamar kantuz osotua...

Zinemirako Bi arnas-eko musikea sortu zenduan eta Emadan be ez dogu ahaztuko. Plazarik plaza eta jaialdi handietan be kantau dozu, Ahotsenean, EHZ... Non zabiz gustora handietan ala txikietan?

Beti esan dot txikietan nabilela gustorago, jentea hurrago sentiduten dozulako holakoetan. Arpegiak ikustea gustetan jat. Baina oholtza handi batzuek be badabe magia, aitatu dozun legez, EHZk este baterako. Giro kontua da, atontzaileek ze forma emon deutson testuinguruari, nor datorren prest gauza ezbardinak entzuteko, gustauko jakon ala ez jakin barik eta nor datorren aurreretxiakaz bizkarrean. Emadan diskoagaz salto estilistiko bat egin neban eta hori oholtzan be igarten da. Bi arnas dokumentalean be izan neban aukerea pop doinuak gauza ilunagoakaz buztartzeko. Diskoa plazaratu eta ia urte bi igaro diran honetan, beste une batean nago, gehiago esperimentetako baina aldi berean entzuleari gehiago gozarazoteko gogoa dot, erritmoagaz eta abar. Egonaldi bat be egin neban atzerrian irailean musika esperimentalari lotuta eta bildur batzuk gainetik kentzeko balio izan eustan.

8.- Ahots lodia da zurea eta mezu ilunak darabizuz; gitarrea joten dozu baina popa egiten dozu, bakarlari sentiduten zara?

Oraingoz bai, bakarlaria naz, eta uste dot hurreko etorkizunean be izango nazela. Taldekideakaz ibili izan naz baina momentu honetan, nire proiektu nagusian, nik sortzen dot dana eta gustora ibilten naz holan. Bakardadea oso gauza baliogarria da niretzat, kanpoko epairik barik izaten eta sortzen ixten deustalako. Beti be, jakinda lagun onak badituzula inguruan, musikan be izango dituzula. Bakarrik sentidu barik, bakardadea erabiltea, zeozelan esateko.

9.- Merchandisingaren munduan be bazabiz eta poltsak eta bestelakoak be badozuz salgai. Ilustratzailea zara?

Nire diskoetako azalak nik eginak dira, baina ez neuke esango ilustratzailea nazenik. Oso noizean behin zeozer egiten dot, ez besterik. Azken diskoko kamiseta eta poltsetako irudia Raisa Alava ilustratzailearena da. Asko gustetan jataz haren obrak eta ohorea izan zan beragaz lan egitea.

10.- Kontzertu partidea emon dozuz diskoa aurkezteko eta. Ikusiko zaitugu kontzertuak emoten?

Oraindino emongo ditut bakan batzuk, nahiz asmoa laster disko barri bategaz beharrean hastea izan. Zemendiaren 11n, Lemoako Kotxepin Kultur Etxean kantauko dot Emadan diskoa aurkezteko. Jakinmina dauenarentzat, uste dot hori aukera ederra izango dala.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu