Gitarrea, ahotsa eta berbak dira Eñaut Elorrietaren disko barriaren oinarriak

Bizkaie! 2022-10-28 13:41   Musikea

Gernikarraren bakarkako bosgarren diskoa da Fantasia.

Eñaut Elorrieta 'Fantasia' diskoaren aurkezpenean (argazkia: Arriaga Antzokia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko Arriaga Antzokian aurkeztu dau Eñaut Elorrietak Fantasia diskoa, hantxe joko dauelako proiektu barriko kantuak aurkezteko birako kontzerturik esanguratsuena, 2023ko apirilaren 27an. Artista gernikarraren bakarkako bosgarren bildumea da Fantasia eta Elkar diskoetxearen eskutik argitaratu dau.

Ken Zazpi taldeak etena egin ebanetik, Eñaut Elorrietaren estiloa biluztuz joan da bakarkako proiektu batetik bestera: barru-barrukoa kanporatzeko asmoz, berbei eta kantaereari pisua emoten deutse gernikarrak, instrumentazino soilak lagunduta. Fantasia-n bide horretan sakondu dau: protagonista nagusiak gitarrea, ahotsa eta berbak dirala dino.

Hamar kantu dakarz disko barriak, danak Elorrietak berak sortuak. Berbak idazteko, baina, euskal sortzaile ezagunakana jo dau oraingoan. Uxue Alberdi, Jose Luis Otamendi, Itziar Ugarte eta Iñigo Astizen testuek jantzi ditue melodiak. Produkzinoan Aitor Etxebarria ibili da. Diskoaren azala eta diseinua Eider Corralenak dira.

Diskoaren aurrerapen lez, Esna Kanta-ren bideoa plazaratu dau Elorrietak, hurreko kolaboratzaileen laguntzinoagaz egindako dokumental laburra. Ikusi hemen. Kantuak berak Iñigo Astizen berbak ditu eta Xabier Zeberiok (sokak), Ruben Caballerok (gitarrea), Felix Buffek (bateria), Fernando Neirak (baxua) eta Amorantek (tronpetea) be hartu dabe parte grabazinoan.

Arriaga Antzokian apirilaren 27an emongo dauen kontzertuari jagokonez, sarrerak salgai dagoz online (hemen).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu