Galesen be, Hezkuntza Legean ikasteredu orokortua helburu

Bizkaie! 2022-10-28 10:06   Kulturea

Hezkuntza Legearen Liburu Zuria jorratzen dabil Galesko Gobernua.

Cymdeithas yr Iaith galesaren aldeko erakunde nagusienak atondutako jardunaldiak egin ditue Cardiffen, Galesko Gobernua jorratzen dabilen Hezkuntza Legearen Liburu Zuria aztergai izan dituana. Abuztuaren 20an gizarte eragileek proposamen zehatza egin eutsen aitatu Liburu Zuriari. Proposamenaren arabera, 2050 urterako galesa ikas eta irakashizkuntza izango dauen ikasteredu orokortua indarrean egon beharko da.

Euskalgintzearen Kontseiluko idazkari nagusi eta ELEN Europako hizkuntza-aniztasunaren aldeko erakundearen lehendakariorde Paul Bilbao EAEko Hezkuntza Lege barrirako prozesuan aurkeztutako proposamena azaltzeko konbidau dabe. Kontseiluko eledunak lau giltzarri jarri ditu mahai-gainean. EAEn indarrean dagoan hizkuntza-ereduen sistemearen inguruko hausnarketea egin dau: Hezkuntza ereduetatik erantzun onenekoa zein izan dan azpimarratu dogu, hau da, emoitzek erakutsi dabe ikasleak euskalduntzeko biderik onena euskerea ikas eta irakas-hizkuntzea dauen eredua izan dala. Horrexegaitik, etorkizuna eredu hori oinarri eregi behar dogu. Ondorioz, Bilbaok esan bezela, Kontseiluaren ekarpenak Cymdeithas-ek hezkuntza-legearen proposamenean jasoten dauenagaz bat egiten dau. Badakigu zein dan etorkizuneko belaunaldi euskaldun edo galesdunak lortzeko bidea.

Horrezaz gan, Kontseiluko ordezkariak azpimarratu gura izan dau proposamenak bereizkeriari amaierea emoteko bidea izango dala: Sistemearen betebeharra da ikasle guztiei tresna egokiak eskaintzea derrigorrezko hezkuntzea amaitutakoan gaitasun berberak eskuratu deiezan. Hizkuntza-ereduen sistemak segregazinoa sortzen dau ikasleen artean eta kohesino-sozialaren kontra egiten dau, gitxien dauenari gitxiago jasoten kondenetan deutsolako azaldu dau Galesen eskainitako berbaldian. Kontseiluko bozeroaileak ikasleen eskubideak erdigunean kokatu behar dirala adierazo dau: Berezko hizkuntzea ikasteko eskubidea bermatuko deutson eredua egon behar da indarrean, ikasleei ezin jake ukatu euskerea edo galesa ezagutzeko eskubidea. Eta hori, bide bakarretik etorriko da, euskerea edo galesa ikas eta irakas-hizkuntzea dauen eredu orokortutik adierazo dau.

Euskerearen eta galesaren aldeko gizarte eragileek momentua historikoa dala zehaztu dabe, EAEn eta Galesen hizkuntza-gitxituaren egoerea iraultzeko aukera errealak dagozalako: Gure hizkuntzen etorkizuna baldintzatuko daben legeak onartuko dira epe laburrean eta beraz, oso garrantzitsua da zehaztea ze leku hartuko daben gure hizkuntzek etorkizuneko hezkuntza-sistema horreetan. Antzeko ondorioak nabarmendu doguz komunidade bietako eragileok eta zeinek bere lurraldean horren alde lan egiteko konpromisoa berretsi dagu adierazi dau Bilbaok.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu