Ricardo Weickert eta Manuel Rodriguez, jantza garaikidea Azkuna Zentroan
2022-10-28 08:33 KultureaKubo Baltza espazio barritzailean dira hitzorduak, zemendiaren 3an eta 10ean.
Ezohiko proposamenak, jantza garaikidearen barrukoak, aurkeztuko ditu Bilboko Azkuna Zentroak hurrengo asteetan, XXIII. Dantzaldia jaialdiaren programazinoaren barruan. Guillermo Weickertek Parece nada eskainiko dau zemendiaren 3an, eguena; astebete geroago, 7an, Manuel Rodriguezen Screensaver ikusi ahal izango da.
Kubo Baltza espazioan egingo ditue saio biak, ezohiko proposamen eszenikoak erakusteko Azkuna Zentroaren barruan atondu daben areto barrian. Ikuskizun bakotxaren beharretara egokitzen da Kubo Baltza, oholtzearen ezaugarriak eta publikoa kokatzeko lekuak aldatu egin leitekezalako. Era horretara, artisten eta ikusleen arteko hartu-emonak zuzenagoak dira.
Dantzaldiaren arduradunen esanetan, Weickert eta Rodriguezen proposamenak harrigarriak, oso personalak eta, batez be, normalean ikuskizunetan eskaintzen deuskuenetik guztiz desbardinak izango dira. Azkuna Zentroaren arte eszenikoen programazinoaren helburuagaz bat dator hori: Antzerkia, jantzea eta performancea ikusteko beste modu bat.
Guillermo Weickert funtsezko figurea izan zan 1990eko urteetako arte eszenikoen barrikuntzan. Bilbora persona bakarreko ikuskizuna ekarriko dauen arren, sortzaile ugarigaz alkarlanean ibili izan da: Niño de Elche, The Hole makrokabareta, Ana Morales...
Metodorik ez izatea da nire metodoa, mapa barik egiten deutsat aurre proiektu bakotxari, dino Weickertek. Parece nada pertzepzinoari eta begiradeari buruzko sorkuntzea da. Bertan, ikus-entzunezkoak, performancea eta jantzea buztartzen ditu antzerkiagaz eta testuagaz. Weickert biluzik agertzen da oholtzan, gorputzez eta emozinoz.
Manuel Rodriguezek be eskarmentu luzea dau jantza garaikidean, hasieran La Veronal konpainian eta gaur egun, bakarka. Azkuna Zentrora dakarren obrea, Screensaver, erakusketa-eremuetan ikusteko pentsauta dago, ohiko oholtzetan baino. Kubo Baltzak aukerea emongo deutso ikuskizuna era horretako espazioetara eroateko. Instalazino koreografikoa da, eta giza eskulturearen itxurea hartzen dau artisteak pasarte askotan.
Ikuskizun biak ikusteko sarrerak salgai dagoz Azkuna Zentroaren txarteldegian eta webgunean. Saio bakotxerako 8 eta 14 euro arteko prezioak ipini ditue. 19:00etan hasiko dira emonaldi biak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!