'Geografiko-biografikoak', Ricardo Toja margolariaren erakusketea zabalik
2022-10-27 13:47 KultureaBerrogei lan esanguratsu batzen ditu pintura eta marrazkien artean.
Ricardo Toja Landaluceren (Gordexola, 1932 - Plentzia, 2012) heriotzearen hamargarren urteurrenean dator erakusketea, 2023ko zezeilaren 25era arte zabalik egongo dana Bizkaiko Foru Aldundiaren Ondare Aretoan.
Artistaren pintura eta marrazki oso esanguratsuak batzen ditu. Bizkaiko Foru Aldundiko Kulturako zuzendari nagusiak, Begoña de Ibarrak, zehaztu dauenez, artistearen heriotzearen ondoren egiten dan lehen erakusketea da. Geografiko-Biografiko horri esker artistearen memoria berreskuratu eta balioan jarri nahi dogu, holan, hurrengo belaunaldiek Ricardo Tojaren irakurketa didaktikoa izan deien. Gainera, Ricardo Tojari eskainitako erakusketeak gure lurraldeko eta gure herrialdeko artearen historiaren zati bat berreskuratzen laguntzen dau.
Erakusketan komisario lanak egin ditue Alicia Fernández eta Gorka Mayor López.
Ondare Aretoan ikusgai dagozan lanak bilduma partikularretatik eta bilduma publikoetatik datoz, besteak beste, Bilboko Arte Eder Museoa, Eusko Jaurlaritzea, Bilboko Merkataritza Ganbera eta BBK Fundazinotik.
Erakusketearen inguruan ikus-entzunezko bi egin ditue: Abededario para Ricardo Toja Landaluce, Miguel Toja Aguirrek egina. Ikus-entzunezko honek Tojak Bilboko BBK Gelan aurkeztu eban marrazki-erakusketearen katalogorako Bernardo Atxagak 1992an idatzitako testu zabala berrinterpretetan dau. Bigarren ikus-entzunezkoan, Jesus Serranok eta Idoia Jauregik egin ebena, 2010ean grabautakoa, artistak berak orain Ondare Aretoan egindako erakusketearen ibilbide Geografiko-biografikoa azaltzen dau.
Artisteak Geografiko-biografiko izentautako erakusketeak Ricardo Tojak bere bizi-kokapenakaz lotu nahi izan eban ibilbide artistiko baten irudi adierazgarriak aurkezten ditu: Lehenengo urteak Gordexolan, gero Lutxana, Kanariak, Bilbo, Madril, egoitza artistikoa Oslon, Arabako Menagaraiko etapea eta, azkenik, Plentzia. Leku zehatzok adierazgarriak izan ziran eta erakusketearen argumentu-hariari eusten deutse.
Artistearen koadro eta pinturetan ohar autobiografikoak ikusten ditugu, bai gaien aukeraketan, bai pintureari ezarritako ordena eta denporan. Ricardo Tojak esaten eban Margoa pintetako da, beste batzuek ikusteko. Eta kitu.
Bernardo Atxagak adierazo dauenez, estimua haren koadroen barruan dago eta bere motiboetako bat be ez da kasuala. Danek jaiotzako haranera, neurera, berera, askorenera eroaten dabe. Eta idazleak honako hau gehitzen dau: Tojak badau indar bat barru-barruraino sartzen jatzuna eta, badau, munduaren pisuari iges eginez, ordenetan eta geure barruan zeozer ordenatua sortzen lagunduko deuskuen paisajeen bilaketea.
Erakusketea
Lehen gai-multzoa Gordexolari eskainita dago, Tojaren jaioterriari: Herrerías ibaiaren ondoko ibaiertzeko paisajeak, baserriak eta mendiak, Berbikizko San Joan baseleizearen ingurua eta Bikirrio mendia. Gerra Zibilean Barakaldoko Lutxana auzoan bizi ondoren, familia Kanaria Handia ugartera joan zan biziten. Kanarietako garai hori umezarotik lehen gaztarora igaroteagaz batera izan zan eta Tojak beti gogoratuko dau bere bizitzako aldirik zoriontsuenetako bat bezela. Laurogeiko hamarkadearen hasieran, ugartera egindako bidaia baten ondorioz, Kanarietako gaia gaineratu eutson bere pintura-lanari. Familia 1945ean bueltau zan Bilbora eta Tojak sasoi haretako giro ilun eta errepresiboa sufridu eban Bilbon. Alabaina, aldi berean, bere ibilbideari ekin eutson artearen munduan, Oteiza bere lehen maisuetako bat zala eta Juan Grisen pintura eta kubismoa bere erreferentzien artean eukita. Tojaren pinturan eraginik handiena izan zeban figuretako bat José María de Ucelay izan zan. Laurogeita hamarreko hamarkadearen erdialdean, arazo batzuk zirala-eta, Toja bolada ilunean sartu zan: Desolazinoa erakusten daben pinturak eta marrazkiak izan zituen emoitza. Ricardo Tojak lotura afektibo estua izan eban Galiziagaz umezarotik, izan be, aitak gidatzen zituan itsasontzietako tripulatzaileetako asko galiziarrak ziran. 2005eko irailean Heriotzearen Itsasalderaino joa zan Toja abizenaren jatorriaren bila. Gordexola eta Kanariar Ugarteakaz batera, Plentzia da Tojak marraztu eban beste geografietako bat, hirurogeita hamarreko hamarkadan XVIII. mendeko etxetxu zahar bat erosi eta zaharbarritu ebanetik herri horretako alde zaharrean. Paletek beste obra-multzo bat osotzen dabe, ez hain ezagunak eta abstrakzinotik hur dagozanak.
Ricardo Toja Landaluce (Gordexola, 1932 - Plentzia, 2012)
Gerraosteko artisten lehen belaunaldikoa izan zan, besteak beste, Agustín Ibarrola, Iñaki García-Ergüin, Norberto Ariño de Garay, José Barceló eta Ismael Fidalgo bezela. Bilbon ekin eutsen ikasketei eta ibilbideari, berrogeiko hamarkadaeren amaieran eta berrogeita hamarreko hamarkadearen hasieran, Amerikatik etorri barria zan Jorge Oteizaren babespean eta Euskal Herrian geratu ziran gerraurreko artista batzuen irakaspenakaz (Fernando Maidagan, Enrique Nieto Ulibarri eta Matías Álvarez Ajuria). Toja Madrilen be ibili zan, Bizkaiko Foru Aldundiaren bekea jaso eban 1964 eta 1965 bitartean eta Oslon jarraitu eban 1966an, Juan March Fundazinoaren laguntza ekonomikoagaz. Bueltau zanean, Madrilen geratu zan, Euskadigaz hartu-emonak galdu barik eta modu erregularrean erakutsi zituan lanak, banaka eta taldeka, Bilbon eta, noizean behin, Madrilen eta Donostian.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!