Itxina: Biotopoaz eta mitologiaz gozeteaz gan, errespetau eta jagon beharrekoa

Amaia Larruzea 2022-10-27 12:59   Ibilian-ibilian

Naturea eta mitologia bat eginik, ames egitera eroaten gaituan lurraldea.

Etxean gara bueltan artikulu honetan. Inguru zoragarrien zonaldea dogula esatea ez da euskaldunon harrokeria, begiek, historiak eta naturearen aniztasunak erakusten dau. Euskal Herrian parke natural dezente doguz, eta Gorbeialdea dogu danetan zabalena, 20.000 hektarea inguruko lurraldea. Araba eta Bizkaia artean kokatutako inguru honek Gorbeia dau ezaugarri nagusi, baina inguruetan dituan altxorrak mugabakoak dira. Horreetariko batera abiatuko gara gaurkoan, beste asko hobe izkutuan eta esplorazinorako ixtea, naturearen magia be badalako esplorazinoa.

Itxina. Geologia, arkeologia, etnografia, natura eta paisajean adituak diranen artean lurralde maitatua. 1995etik Biotopo Babestua dugun zonaldea, pausu garrantzitsua jarri deutsuedan titularrari erreferentzia eginez: gozeteaz gan, errespetau eta jagon beharrekoa. Zalantza izpi barik, magiazko lurraldea izaten jarraitzeko danok egin beharreko lana, ostera, lurralde galdua izango litzateke. Beraz, danon esku dago, eta ez batzuen esku bakarrik. Goazen bada, bertara! Gorbeiaren esentzia, Itxinan jasota. Gune geologiko bakana bere horretan. Naturea eta mitologia bat eginik, ames egitera eta irudimena martxan jartera eroaten gaituan lurraldea.

Misterioak, sekretuak, altxor naturalak eta istorioak, ez da ezertxo be falta hemen. Erraza da galtzea mugarriak albo batera itxi ezkero, ez da bromea, dana da magikoa, baita ibilbideak be; galtzen bagara eta behe-lainoa sartzen bada arriskutsua izatera heldu daiteke eta, ganera, hainbat eta hainbat kobazulo dagoz. Beraz, kontuz eta adi, mitologiako personaien erara, nora heltzen diran eta non zapaltzen daben argi izanik eta biotopoa osotzen daben landara eta espezieen pakea gordez. Horixe ondo gogoan hartuta, esplorazino lan ederra egin daiteke bertatik, itzela sensazinoa eta inguruak!

Beste mundu bat, mundu ezagunetik hur. Badirudi, Lekanda, Aldamin eta Gorbeia tontorrak aitatu ezkero, Gorbeialdea nahikoa ezaguna dala, baina Itxinara heltzean konturatzen zara ez dozula erdia be ikusia. Guztiz bestelakoa da, beste magia bat dau. Hurreratzeko eta bidea hasteko, ohikora joko dogu, Pagomakurrera igon eta handik abiatu, baina honetan, aparkaleku ondoko bidetxu batetik egingo dogu, Arrabako Landetara ohiko bidetik igon beharrean. Zalantzarik badozue edota gehiago jakin nahi izan ezkero, Areatza-Billaro herrian dozue Gorbeialdeko Parketxearen inguruko informazino zehatzagoa.

15 kilometro inguru eta 1.100 metroko garaiera bueltan dabil Itxina. Mendikatea Atxulaurko Begitik, Kargalekuko bidean zehar doa, Itxinako zeharkaldiari izena emonez. Pagomakurretik gora egingo dogun igoeran, ezkerralderantz joko dogu eta Atxulaurko Begira helduko gara, Itxinaren atera, horrenbeste argazki eta iruditan izoztua. Edertasun handiko ingurune karstiko honetan Supelegor kobazuloa dago, mitologiako Mari maitatuaren eta Anbotoko Mari izenez ezaguna danaren bizilekuetako bat. Geologiaren eta Biologiaren aldetik, zeharo leku garrantzitsua dogu hau, eta Arratiako bailaratik helduko gara bertara.  

Askok dinoe Atxulaurko ate hori desagertutako koba bat izan zala, goikaldea jausi egin zala, eta horrexegaitik dauela magia berezia. Behin berau pasau eta gozauta, harri markez seinalautako bideari ekingo ddeutsagu; lehen pintura markak ei egozan baina orain harrizko mugarriak dira bertan gidari. Atxulo, Supelegor, Kargaleku eta Arrabako Landak, gehi bideko beste koba, altxor eta misterioak. Bertako baten bategaz joateak esplorazino puntua gehituko dau, baina, bestela be, esplorazino kontzienteagaz, mitologiaren magiaz eta irudimenaz gozau. Biotopoa errespetatuz eta gure inguruetan murgilduz.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu