Arctic Monkeys, 2023ko Bilbao BBK Live-ko kartelburu

Bizkaie! 2022-10-27 11:07   Musikea

The Car disko barria aurkeztu barri dau talde ingelesak.

2023ko Bilbao BBK Live jaialdian joko daben talde guztietatik bat, behinik behin, badakigu: Arctic Monkeys talde ingelesa da baieztautako lehenengoa, Bilboko Udalak zabaldu dauenez. Sheffield urian sortutako taldea kartelburuetako bat izango da datorren urteko edizinoan.

Estudioko zazpigarren diskoa, The Car, aurkeztu barri dau Arctic Monkeys-ek. BBK Live-ko oholtzan joko ditu lan barriko kantuak, baina beti-betiko zaleak gustura geratu daitezan, aurreko lanetako pieza ezagunak be entzun ahal izango dirala aurreratu dabe antolatzaileek.

Garagarrilaren 6, 7 eta 8an egingo dabe Bilbao BBK Live, Kobetamendin. Jaialdiaren aurreko edizinoetara joan diran ikus-entzule leialak saritzeko asmoz, gaurtik zemendiaren 1era bitartean 2023ko bonua prezio berezian erosi ahal izango dabe beste edizino batzuetan be sarrerak erosi izan dituenek.

Ganerako zaleek zemendiaren 2ra arte itxaron beharko dabe 2023ko bonuak erosteko. Jaialdiaren webgunean bertan eta ohiko kanaletan emongo dabe horretarako aukerea.

Bestetik, egunotan Balmaseda eta ingurua astindu daben suteak dirala eta, ekimen solidarioa ipini dau martxan BBK Live-k. Saltzen dauen sarrera bakotxeko hiru euro emongo ditu Enkarterriko basoak bizibarritzeko. Klima aldaketearen eta suteen aurrean ingurune naturala jagotearen inguruko kontzientziazino mezua zabaltzea da helburua.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu