Euskerazko tesien VIII. Koldo Mitxelena Saria martxan

Bizkaie! 2022-10-27 09:12   Euskerea berbagai

Bost jakintza arlo nagusitan egongo dira irabazleak.

EHUko eta Euskaltzaindiko agintariak, 2020ko edizinoan (argazkia: Euskaltzaindia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Urte birik behin emoten ditue Euskaltzaindiak eta EHUk euskerazko tesien Koldo Mitxelena Sariak, aurkeztu barri diran tesien artean onenak aukeratzeko eta euskerazko lan akademikoari ikusgaitasuna emoteko. Aurtengo deialdia, zortzigarrena, martxan da, eta zemendiaren 11ra artekoa da hautagaitzak aurkezteko epea.

Bost jakintza arlo nagusitan banatuta dago deialdia, eta bakotxean irabazle bat egongo da: Artea eta Giza Zientziak; Gizarte eta Lege Zientziak; Osasun Zientziak; Zientziak; eta Injinerutzea eta Arkitekturea. Diplomea eta 2.000 euro emongo deutsez irabazle bakotxari.

2020ko irailaren 1etik 2022ko garagarrilaren 31ra bitartean euskeraz idatzi eta defendidutako doktorego tesiak aurkeztu ahal izango dira deialdira. Europar Tesi edo Nazinoarteko Tesi diralakoak be onartuko ditue, erabilitako hizkuntzetako bat euskerea bada.

EHUn, urtero, 400 tesi baino gehiago aurkezten dira, eta horreen artean 40 inguru izaten dira euskeraz idatzitakoak. Gure hizkuntzan egindako tesion ekarpena bikotxa dala dinoe Koldo Mitxelena Sariaren bultzatzaileek: alde batetik, beste hizkuntzetan eginiko ganerako tesiek lez, jakintzan sakontzen da; bigarrenik, euskerearen normalizazinoaren prozesuan ezinbesteko ekarpena dira.

Bide batez, sariketearen bidez Koldo Mitxelena gogoratzen dabe EHUk eta Euskaltzaindiak. Hain zuzen be, jakintzea zabaltzen lan handia egin eban unibersidadean eta, bestetik, euskerea alor akademikora eroatearen defendatzaile sutsua izan zan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu