Enkarni Genuarentzat da 2022ko Manuel Lekuona Saria
2022-10-27 08:29 KultureaTxotxongiloak eta literaturea dira haren alorrak.
Eusko Ikaskuntzak urtero emoten dau Manuel Lekuona Saria, 1983tik, euskal kulturearen alde lan nabarmena egin daben personak omentzeko, euren ibilbide eta obra osoa kontuan hartuta (opera omnia). 2022ko saritua Enkarni Genua dala dino Eusko Ikaskuntzak, eta, modu horretara, orain arteko edizinoetan agertu ez dan alorrari autortzea egin deutse, txotxongiloenari.
Izan be, txotxongiloak sortzen eta euskerazko ikuskizunak herririk herri aurkezten ibili da luzaroan Enkarni Genua. Txontxongiloen bidez, euskal mitologiaren kondairak bizibarritu eta gizarteratu ditu, ahozko transmisinoaren bidez umeakana helduz, euren iruditeria aberastuz, azaldu dau Eusko Ikaskuntzak ohar batean.
Nazinoartean be bidea zabaldu dau Genuak, baliabide gitxi izan arren kanpoko jaialdietan euskal txotxongiloak ezagutu ditue hari esker: Txotxongiloen euskerazko emonaldiak nazinoarteko jaialdietara eroan ditu, euskal kulturearen zuztarrak ederto islatuz.
Enkarni Genua (Donostia, 1942) Deustuko Unibersidadean Filosofia eta Letretan lizentziaduna da. Manolo Gómezegaz batera Txotxongillo taldea sortu eban, mende erdia baino gehiago martxan ibili dan proiektua, txotxongilo-antzerkia euskeraz egiten.
Idazlea be bada: ume eta gazte literaturako lanak (antzerki eta telebista gidoiak, ipuinak, diskoak...) eta material didaktikoak argitaratu ditu. Idazten zein txotxongiloetan, Genua beti ahalegindu da ahozko literaturearen eta euskal mitologiaren elezaharrak suspertzen eta publiko barrietara egokitzen.
1992an Titirijai, Nazinoarteko Txotxongilo Jaialdia martxan jarten lagundu eban, eta, ondoren, Topic, Txotxongiloaren Nazinoarteko Zentroaren sortzaileetako bat izan zan. Prestakuntzeari jagokonez, begirale, irakasle eta sortzaileen formakuntzan ibili da.
Manuel Lekuona Saria emoteko ekitaldi publikoa non eta noiz egingo dan ez dau zehaztu oraindino Eusko Ikaskuntzak. Remigio Mendiburuk egindako brontzezko eskulturea emongo deutse Enkarni Genuari.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!