X. BIME-k 60 kontzertu dakarz Bilbora

Bizkaie! 2022-10-26 12:44   Musikea

Hilaren 29ra arte, uriko 15 agertokitan.

Erakunde publikoetako ordezkariak, BIMEren inaugurazinoan (argazkiak: Bilboko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Musikearen alorreko profesionalak, sortzaileak eta zaleak batuko ditu BIME ekimenaren hamargarren edizinoak, gaurtik urriaren 29ra arte. Lau egunez, Bilboko Euskalduna Jauregia eta uriko beste 14 agertoki hartuko ditu BIMEren egitarauak, dobako 60 kontzertu, topaketak eta bestelako jarduerak tartean dirala.

BIME inauguretako ekitaldian izan dira goizeon Bilboko alkate Juan Mari Aburto, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu Bingen Zupiria, Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkari Denis Itxaso eta Kultura Ministerioko Víctor Francos. Ekitaldiaren nazinoarteko izakerea nabarmendu dabe, 50 bat herrialdetako profesional eta sortzaileak Bilbon alkartuko diralako.

Euskalduna Jauregiak hartuko ditu profesionalentzako jarduerak, BIME Pro izenburupean. Lau egunean 4.500 parte-hartzaile inguru espero ditue berbaldi, masterclass, tailer eta batzarretan. Hemen zein mundu zabalean musikearen sektoreak dituan erronkak jorratuko ditue, besteak beste, artistearen estatutua, etorkizuneko jaialdien ezaugarriak eta sare sozialen eragina. Egitaraua hemen.

BIME Progaz batera, nazinoarteko beste topaketa batzuk atondu ditue egunotan, musikearen profesional ugari Bilbon dagozala aprobetxauta. Berbarako, European Music Export Exchange, musikea nazinoartekotzeagaz lotutako 20 aditu ekarriko dituana; eta LIVE DMA, kontzertu-aretoetako Europako alkartearen hamargarren urteurreneko ekitaldia.

Bestetik, zaleentzat askotariko eskaintza musikala dakar BIME Live-k, dobako kontzertuen bidez. Bertoko eta kanpoko musikariek zuzenean aurkeztu ahal izango ditue euren proposamenak, Euskaldunan ez eze, baita uriko beste hainbat lekutan be: Indautxu plazea, Karola, Casilda Iturrizar parkea, Azkuna Zentroa, Arenala eta Erriberako Merkadua, besteak beste. Artisten zerrendea hemen.

BIME Live-ren helburua da programazinoa ikusleei hurreratzea eta kulturaz gozetako aukerea herritar guztiei helarazotea. Talentu artistiko barriaren aldeko apustua egiten dau, uriaren erdigunean.

Kontzertuak egingo diran lekuen mapea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu