Musikarientzako laguntzinoak Gernika-Lumon

Bizkaie! 2022-10-26 10:20   Musikea

Zemendiaren 11ra arteko epea dago eskabideak egiteko.

Supercremalleras laukotea, igaz laguntzinoa eskuratu ebanetako bat (argazkia: Supercremalleras) | Ikusi handiago | Argazki originala

Udalerrian sormen musikala eta musika-taldeen lana bultzatzeko asmoz, Gernika-Lumoko Kultur Etxeak diru-laguntzinoak banatuko ditu diskoen grabazino, produkzino eta fabrikazinorako, baita single eta bideoklipen grabazinorako be. 5.000 euroko aurrekontua dau ekimenak, eta eskatzaile bakotxari 1.000 euro emongo deutsiez gehienez.

Eskabidea egiten dabenek laguntzinoa eskuratzeko baldintza batzuk bete beharko ditue laguntzinoa eskuratzeko. Lehenik eta behin, kideen erdiak edo gehiago Gernika-Lumon erroldatuta egon beharko dira eta euren ohiko jarduera uriko musik-guneetako bategaz lotuta: Segundo Olaeta Musika Eskolea, Kultur Etxea, Iparragirre Rock Alkartea... Irabazi asmo bako talde eta alkarteen eskabideak baino ez ditue onartuko.

Bestetik, eskatzaileek konpromisoa hartuko dabe 2023an Kultur Etxeak atondutako kontzerturen batean parte hartzeko.

Aurkezten diran proiektuek be baldintza batzuk bete beharko ditue, esate baterako, arrazakeria, sexismo edo homofobiadun edukirik ez izatea eta personen duintasunaren kontrakoak ez izatea. Kantuak edo diskoak egiteko bestelako laguntzino edo babesik jaso badau, taldeak adierazo egin beharko dau eskabidea egiteko orduan.

Zemendiaren 11ra arteko epea dago diru-laguntzinoa eskatzeko. Horretarako, eskaera-orriak bete eta entregau beharko dira, Gernika-Lumoko Kultur Etxean zein erakunde honen webgunean. Oinarriak irakurri hemen (PDF).

Igazko edizinoan Gernika-Lumoko hiru talderi emon jaken laguntzinoa, Feline, Labana Band eta Supercremalleras-i, hain zuzen.

Kultur Etxearen jardueratik kanpoko dinamikak aberasteko asmoz dator deialdia, Udalak azaldu dauenez, bardintasunean oinarritutako zerbitzuak eta jarduerak gogoan. Kultur Etxea herri erakundeak, eta Segundo Olaeta musika eskoleak modu berezian, konpromiso sendoa daukie herritarren heziketa musikalari ekiteko eta baita udalerriko musika-talde zein alkarteak sustatzeko be, ganeratu dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu