Punta Begoñako Historiaurrea agirian Arkeologiaren Hamabostaldian
2022-10-26 09:17 KultureaUrriaren 28tik zemendiaren 13ra, makina bat jarduera atondu ditue.
Punta Begoñako galeriak Getxoko azken hamarkadetako historiaren lekuko ikusgarria dira, eta ondare zabal hori gorde eta gizarteratzeko ahaleginean dabiz aspaldion. Oraingoan, baina, denporan askoz atzerago egingo dabe, Punta Begoña inguruan agertu diran aztarnategi arkeologikoen barri emoteko asmoz. Urriaren 28tik zemendiaren 13ra egingo dabe, beraz, Hamabostaldi Arkeologikoa.
Indusketen hirugarren kanpainea hasi dabe Punta Begoñan, eta gero eta aztarna gehiago agertzen dira lurpean. Esate baterako, orain dala 4.800 urteko Kalkolito aroan gizartean izandako aldaketak ezagutu geinkez Punta Begoñan, orduan pasau ziran hemengo gizakiak kobazuloetatik aire zabaleko kokaleku finkoetara.
Historiaurrea hobeto ezagutzeko jarduera ugari dakarz Hamabostaldiak. Bisitaldi gidatuetan aztarnategiak ikusi ahal izango dira, adituen azalpen eta guzti; belaunaldien arteko topaketak be ez dira faltako. Indusketa edegi eta bizia erakustea da asmoa, Punta Begoña Fundazinoko ordezkarien arabera.
Arkeologia Hamabostaldia eta indusketak eurak Punta Begoñako berreskuratze integralerako eta birfuntzionalizazino sozialerako proiektuaren barruan dagoz, paisajearen eta historiaren testuinguruan. Historiaurrean be leku hau gune estrategikoa zan, bertatik kontroletan zan lurraldea, Fundazinokoen esanetan.
Urrian, Europako Ondarearen Jardunaldien barruan, Punta Begoñako galeriak ezagutzeko bisitaldiek jente ugari erakarri zituen, txanda guztiak bete ziran. Horregaitik, hango ondare aberatsa gizarteratzen segitzeko modua da Hamabostaldi Arkeologikoa.
Getxoko alkate Amaia Agirrek azaldu dauenez, galeriak berreskuratzeko eta balioesteko prozesua hasi zanetik, 70.000 personak parte hartu dabe jardueretan, eta kultura eta ezagutza turismoaren proposamen bat sortu da.
Egitaraua hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!