Diego Anido galiziar aktore ezaguna Bilbon
2022-10-26 09:02 KultureaEl dios del pop aurkeztuko dau zemendiaren 5ean eta 6an.
Bilboko Deustu auzoko La Fundición aretoko zemendiko programazinoak ikuskizun erakargarri bi dakarz. Ikuskizun bakotxak emonaldi bi ditu programauta eta sarrerak dagoeneko salgai dagoz (txarteldegian eta online): Lehengo erosleek 7 euroan (+ gastuak) erosi ahal izango ditue sarrerak; ondoren, 14 euroan (+ gastuak) balioko dabe.
Zemendiaren 5ean eta 6an (19:00etan), Diego Anido galiziar aktore ezagunak haren persona bakarreko show zentzunbakoa aurkeztuko dau, El dios del pop. Bakarrizketa biografikoa da, pseudofikzinokoa eta Michael Jacksonen imitatzaile negargarri bat da protagonistea: Zuria, burusoila, ez oso trebea eta, batez be, traketsa. Absurdoa, galiziar umorea (retranca), surrealismoa eta umorea barrubatzen ditu gidoiak eta Anidoren bizitzako benetako parte batzuekaz nahasten dira. Holan, ikusleak dudea izaten dau, ia zenbateraino dan erreala ospetsua izateko eta agertokiaren gainean distirea egiteko nahiari buruzko hausnarketa gordin hau.
Anidoren bakarkako bosgarren piezea da El dios del pop eta testua, jantza eta objektu arraroakaz egindako musikea txandakatzen ditu: Ikusleak txundituta igaroten ditu 80 minutuak. Haren antzerki ausartearen, personalaren eta arriskutsuaren zati bat da. Itxura kaotiko baten atzean, testu landuak ditu, topikoetatik aldetzen diranak. Eta taularatzeak oso zainduak dira, formatu handiagoko ikuskizunetan erabilten diran baliabideakaz eginak. Hain zuzen be, Agrupación Señor Serrano konpainia ospetsuko kidea izan da Anido eta antzerki-estilo parebakoa landu dau konpainia horretan. Rodrigo Sorogoyenen As bestas filmaren estreinaldia baino astebete lehenago helduko da Bilbora aktorea; film horretako protagonistetako bat da. Interpretazinoaren munduan 25 urteko ibilbidea egin ondoren, thriller psikologiko indartsu honek ospea emon deutso hemen eta munduan (filma txalotu egin eben Canneseko Jaialdian, Film Onenaren Publikoaren Saria jaso eban Zinemaldian eta 2023an Espainia Oscar sarietan ordezkatzeko hiru aurrehautagaietako bat izan zan).
Zemendiaren 12an eta 13an (19:00retan), La Fundición aretoak Transmissions jasoko du; haren egileen arabera, show bat baino gehiago, jantza urbanoaren historiari buruzko jantzea oinarri dauen berbaldia da. Bartzelonan bizi diran Guille Vidal-Ribas eta Javi Casado break jantzariak dira egileak. Non, zelan eta zergaitik sortu ziran adierazoteko modu horreek? Zelan heldu ziran geugaz? Euren eretxiz, honakoa da muntaiaren helburua: Gazteei lotuta dagoan kultura hau ezagutzera emotea, testuinguruan kokatzea eta hari buruzko estereotipoak gainditzea, baita sustatzen dituan giza balioak ezagutarazotea be: Nortasunaren garapena, kultura aniztasuna, komunidade-sentimendua, norbere burua gainditzea, errespetua.... Eta, hori lortzeko, erretratuak, bideoak eta musikea erabilten ditue agertokian, baita berbak be eta, jakina, zuzenean jantzan egiten dabe biek.
Transmissions ibilbide kronologikoa baino gehiago da. Hip hopak kultura herrikoian izan dauen eraghina aztertzen dau, 60ko urteetan aldarrikapen politiko lez New Yorkeko Bronx auzoko kaleetan jaio zanetik, gaur eguneko Tik Tokeko azken jantza-erronka biralera arte. Proposamen didaktiko eta entretenigarri hau egokia da gazteentzat zein helduentzat, jantza urbanoa ezagutzen dabenentzako zein hasibarrientzako. Horren erakusgarri, Transmissions ikuskizunak erantzun bikaina izan dau haren 7 urteko ibilbidean eta eten barik taularatu dabe, batez be, Katalunian, aretoetan zein ikastetxeetan. Orain, azkenean, Euskadin izango da ikusgai lehenengo aldiz, La Fundición aretoan.
La Fundación aretoak Sorkuntza Eszenikoko Zirkuitu Garaikidean (Espainiako Antzoki Alternatiboen Sarearen urteroko programa bat, orain hogei urte bete dituana) parte hartzen dau eta horri esker helduko dira dira Euskadira 'El dios del pop' eta Transmissions. Zirkuitu horri esker, interesa daben ikuskizunak 16 Autonomia Erkidegotako 54 aretotan, sareko bazkideak diranetan, mobiduten dira (Euskadin, La Fundición aretoaz gan, beste espazio batek bakarrik hartzen dau parte, Getxoko Utopian aretoak). 1992. urtean, La Fundición izan zan erakunde horren bultzatzaileetako bat. Estaduko agertoki garaikideko eragileen dinamizatzailerik handiena da. Hiru hamarkadatan, etorkizun handiko sortzaileei aukerea emon deutse euren ibilbide profesionalak jorratzeko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!