Iñigo Salaberria gogoan hartuko dabe eguenean Bilbon
2022-10-25 11:04 ZinemeaBideoartista eta zinemagilearen filmografia ezagutu ahal izango da.
Iñigo Salaberria bideoartista eta zinemagile gipuzkoarra (1961-2022) omenduko dabe Bilbon, urriaren 27an, haren obrearen bidez. Arte Eder Museoko auditorioan izango da ekitaldia, 19:00etan, Videoflux proiektuak atonduta eta Gabriel Villota EHUko irakaslea komisario dala.
Omenaldia Iñigo Salaberriari: (argia) ikusteko ibiltzea, (itzala) ikusteko itxarotea izeneko saioan, Salaberriaren ekarpena haren ikus-entzunezko obrearen bidez gogoratuko dabe, haren senide eta lagunak bertan dirala. Hiru hamarkada baino gehiagoko ibilbide oparoaren laburpen lez, Salaberriak egindako lau film labur ikusi ahal izango ditue bertaratuek:
- Birta Mirkur (Iñigo Salaberria eta Olafur Petursson, 1987).
- Disdirak (Iñigo Salaberria, 1992).
- Luz a la deriva (Iñigo Salaberria, 2015).
- Lo ibiltariak (Iñigo Salaberria, 2017).
Ganera, artearen eta zinemagintzearen alorreko adituen arteko topaketea egingo dabe Arte Eder Museoko saioan. Han izango dira Miguel Zugaza museoko zuzendaria, Vanesa Fernández Zinebiko jaialdiko zuzendaria, Fito Rodríguez idazle, irakasle eta komisarioa, Pablo Maravi irakaslea, Santi Eraso Artelekuko zuzendari ohia eta Maria Elorza zinemagilea. Bere azken film laburra egiteko, Elorzak Salaberriaren laguntzinoa izan eban.
Zinebiko zuzendaria ekitaldian izatea be ez da kasualidadea. Izan be, Bilboko Film Labur eta Dokumentalen Nazinoarteko Jaialdiaren 64. edizinoko omenduetako bat izango da Iñigo Salaberria. Ohorezko Mikeldia emongo deutse zemendiaren 11ko inaugurazino ekitaldian, Arriagan.
Iñigo Salaberriak, Valladolideko eta Paris III unibersidadeetan Historia eta Estetika Zinematografikoa ikasi ondoren, Parisko American Center guneko bideo-ikastaroen bidez izan eban lehenengo loturea bideoarteagaz. Michel Jaffrennou, Joan Logue eta Ken Feingold artista ospetsuen tailerretan laguntzaile tekniko izan zan.
Espainiako bideo-artearen bigarren belaunaldia dalakoaren barruan, Salaberriarena lan guztiz koherentea da, begirada propio, zehatz eta gogoetatsuduna; pertzepzino-aldaketei arreta handia jarten eutsen, eta ikus-entzunezko esperimentalaren tradizinoa landu eban. Jaialdi ugaritan ikusi ahal izan zan Salaberriaren lana, besteak beste, Donostiako Bideo Jaialdian, Zinebin (2019an, bertan estreinau eban azken lana, Rijeka, eta 2015eko eta 2017ko Sail Ofizialean egon zan) eta Punto de Vistan (Iruñea).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!