Bizkaiak literatura-sorkuntzea sustatuko dau

Bizkaie! 2022-10-24 13:25   Kulturea

Gazteak IX. BizkaIdatz Txikian parte hartzea gura dau Aldundiak.

Bizkaiko Foru Aldundiak atontzen dauen lehiaketearen bederatzigarren edizioan izena emoteko epea zezeilaren 10era arte egongo da zabalik. Lola López de Lacallek eta Aiala Garabietak idatzi ditue amaitu bako kontakizunak eta horreen amaierea umeek idatziko dabe BizkaIdatz Txikian. Bizkaiko edozein udalerritako ikastetxeetan ikasten dabizen ume eta gazteak aurkeztu daitekez, bai umeen kategorian (Lehen Hezkuntzako 3., 4., 5. eta 6. mailetako ikasleak), bai gazteen kategorian (Bigarren Hezkuntzako 1., 2., 3. eta 4. mailetako ikasleak) be.

Begoña de Ibarra kultura zuzendari nagusiak, Lola López de Lacalle eta Aiala Garabieta idazleekin batera, BizkaIdatz Txikiaren bederatzigarren edizioa aurkeztu dau Liburutegiaren Nazinoarteko Egunean.

BizkaIdatz Txikia lehiaketearen aurkezpenean Begoña de Ibarrak nabarmendu dauenez, Bizkaiko ume eta gazteen artean literatura-sorkuntzea bultzatu eta sustatu nahi dau Foru Aldundiak, hau da, idazketea eta irakurketea sustatu nahi ditugu. Ezagutzak eskuratzeko eta garapen sozialerako ezinbestekoak diralako. Gainera, honakoa azpimarratu dau: Bizkaidatz txikia Bizkaian dagoan talentu literarioa ezagutzeko aukera parebakoa da. Horrexegaitik animetan ditut gazte guztiak urtez urte literatura-lehiaketa honetan parte hartu deien, batez be, idazketaz eta irakurketaz gozau daizuen gura dogu.

Lola López de Lacallek eta Aiala Garabietak emongo deutse hasierea edizio honetako kontakizunei. Holan, Lola López de Lacallek gaztelaniaz hasiko dau istorioa, Caramelo eleberriagaz eta Aiala Garabietak euskerazko istorioaren hasierea proponiduko dau, Nomada izeneko kontakizunaren bidez. Elisabeth Pérez Fernándezek ilustrau ditu Caramelo-ren testuak eta Iñaki Landak sortu dau Nomada-ren azaleko irudia.

Parte hartzen daben umek edo gazteek istorioari, personaiei eta hasierako lanari egokituta amaitu beharko dabe kontakizuna eta euskeraz zein gaztelaniaz egin ahal izango dabe. Epaimahaiak holan ebazten badau, modalitate bietan irabazteko aukerea be izango dabe eta, beraz, Bizkaiko edozein udalerritan kokatutako ikastetxe batean zein bestean ikasketak egiten dabizen 16 urte arteko ume eta gazteek parte hartu ahal izango dabe lehiaketan.

Kontakizunak aurkezteko azken eguna 2022ko zezeilak 10 (barikua) izango da, 13:30ean. Testuak gitxienez 4 orrikoak eta gehienez 5 orrikoak izango dira, eskuz idatziko dira letra garbia edo ordenagailuz Times edo Arial letra-muetak erabiliz, DINA4 orrialdeetan, 12ko neurrian eta tarte bikotxean.

Idazlanak Laguntza herritarren erregistro eta arretarako bulegoan bertan aurkeztu ahal izango dira edo postaz bialdu (Diputazino kalea 7, 48008, Bilbo). Bizkaiko Foru Aldundiaren Egoitza Elektronikoaren bitartez be aurkeztu ahal izango dira: www.ebizkaia.eus

Lehiaketaren oinarri guztiak www.bizkaia.eus/foruliburutegia helbidean dagoz eta irabazleen izenak Bizkaiko Aldizkari Ofizialaren bidez emongo dira jakitera.

Bizkaidatz

Bizkaiko Foru Aldundiak 2015ean ekin eutson lehiaketa honi, Bizkaiko ikastetxeetako ume eta gazteen artean irakurzaletasuna eta idazketea sustatzeko.

Lehenengo edizinoan Joanes Urkixo idazle eta gidoilariak (Zuhaitz neska kontakizuna Urtzi Urkixok ilustrau eban) eta Belén Lucasek parte hartu eben. Azken horrek El misterio del jardín botánico kontakizuna idatzi eta ilustrau eban. Lehen edizio horretan 186 kontakizun aurkeztu ziran, horreetatik 72 euskeraz.

Bigarren edizinoa 2015eko urria eta 2016ko apirila artean egin zan eta kontakizunak Miren Agur Meabek (Haize-Begi, Enrique Morentek ilustrautakoa) eta Seve Callejak (Viaje nocturno, Nuria Hernándezek ilustrautakoa) idatzi zituen. 194 kontakizun aurkeztu ziran, horreetatik 90 euskeraz.

BizkaIdatz Txikia-ren hirugarren edizinoari Xabier Olasok emon eutson hasierea Paul eta sorginkeria-liburua kontakizunagaz (Aitziber Alonsok egin zituan ilustrazinoak) eta Laida Martínez Navarrok gauza bera egin eban gaztelaniaz El caso de Sopapos y su banda de matones testuagaz (ipuin hori Beñat Oleak ilustrau eban). Parte-hartzaileen kopuruak nabarmen egin eban gora: 262 kontakizun aurkeztu zira, horreetatik 132 euskeraz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu