Bilboko umeen artean euskerea bultzatzeko hiru ekimen

Bizkaie! 2022-10-24 12:54   Euskerea berbagai

Zinemea, herri-kirolak eta bertsolaritzea landuko ditue eskoletan, hurranez hurran.

Bilboko Udalak hiru ekimen barri ipini ditu martxan uriko umeen artean euskerea bultzatzeko, eta hirurak ikastetxeen bidez gauzatuko dira. Zinema Euskaraz da lehenengoa, Euskal Jolasak eta Jokoak bigarrena eta, hirugarrenik, Mundu Bat Bertso dago.

Zinema Euskaraz ekimenak aukerea emoten deutse Bilboko ikasleei euskeraz egindako filmak edo euskerara bikoiztutakoak ikusteko, eta, bide batez, film horreek dakarzen balioak lantzeko. Besteak beste adiskidetasuna, immigrazinoa, ingurumena eta bardintasuna jorratzen dituenez, euskerearen sustapena gizarteko auzi nagusien inguruko kontzientziazinoagaz buztartzen ditu programeak.

Pelikuletan lantzen diran gaien arabera, umeen hezkuntzako, lehen hezkuntzako edo bigarren hezkuntzako ikasleek ikusten ditue. Urtero-urtero, Bilboko zinema-aretoetan 26 film inguru eskaintzen ditu programa honek, eta 9.000 ikaslek baino gehiagok hartzen dabe parte, 50 ikastetxetakoak.

Euskal Jolasak eta Jokoak, ostera, gehienbat herri-kirolakaz lotutako jarduerea da. Txingak, zakuak, sokatirea, arrauna eta beste kirol batzuen bidez, talde-lana eta ariketa fisikoa sustatzen dira. Jarduerak oso-osorik egiten dira euskeraz, hizkuntzearen erabilerea modu ludikoa lantzeko. Hogei bat ikastetxetako 1.200 ikasle inguru batzen dira urtero.

Mundu Bat Bertso, izenburuak dinoanez, bertsolaritzea ikasleen artean ezagutzera emoteko programea da. Bertsoak egiteko oinarrizko jakingarriak, antxinako bertsoak, kantuak... eduki ugari jorratzen dira. Ahozko euskerea lantzeko jarduera apropos-aproposak dira. Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako ikasleentzako da eta aurreko urteetan 30-35 ikastetxe inguruk egin dabe bat, 1.200 neska-mutilek.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu