'Kantu bat gara' kontzertu solidarioa, abenduaren 28an, Donostian

Bizkaie! 2022-10-24 10:47   Musikea

Konbidadu bereziak egongo dirala aurreratu dabe.

Jon Maia bertsolari eta idazleak urtebete egin dau Kantu bat gara kontzertua oholtzarik oholtza aurkezten. Horregaitik, ospakizun berezia egingo dau abenduaren 28an, Donostiako Kursaalean, helburu solidarioa izango dauen kontzertu handi baten bidez.

Beharrizanean dagozanei laguntzen deutsen alkarte bigaz lankidetzan dakar kontzertua Jon Maiak, eta irabazien zati handi bat hareentzat izango da. Irungo Harrera Sarea da bat, Bidasoa ibaia zeharkatzeko asmoz heltzen diran etorkinei babesa emoten deutsen taldea. Bestea Kaleko Afari Solidarioak da; Donostian etxe barik dagozanei afariak emoteaz arduratzen da.

Dagoeneko 30 kontzertu inguru izan ditu Kantu bat gara bireak, eta danetan konbidadu ezagunak batu dira Jon Maiaren inguruan. Donostiako kontzertu solidarioan be holan izango dala aurreratu dabe. Orain arte, oholtzan ikusi doguz, besteak beste, Lucia Lakarra, Itziar Ituño, Jagoba Arrasate, Amets Arzallus, Itziar Atienza, Xabier Amuriza, Joseba Sarrionandia, Mikel Urdangarin, Julen Gabiria eta Leire Bilbao.

Ganera, eskarmentu handiko laukote baten laguntzinoa dau Jon Maiak kantuak interpretetako: Gorka Hermosa soinujolea, Pello Ramirez txeloan, Nacho Soto tekladuan eta Nerea Quincoces perkusinoan eta ahotsetan.

Euskal kulturearen eta musikearen errepaso zabal eta hunkigarria da Kantu bat gara. Izan be, Jon Maiak hiru hamarkada daroaz era guztietako euskal taldeentzako letrak idazten, batzuk zaleen gogoan ondo zuztartutako kantu mitikoak. Horreetako batzuk egokitu ditu zuzeneko emonaldietarako, esate baterako, Negu Gorriak, Benito Lertxundi, Anari, Gozategi, Pirritx eta Porrotx eta Garirenak.

Gure kulturearen, historiaren eta identidadearen ikuspegi berezia zabaltzen dau Maiak kantuon bidez, berbearen emozinoa kantu bihurtuz eta publikoaren ezinbesteko konplizidadeagaz. Beste mundu bat posible dala eta txarrenari onena atera behar jakola uste dau Jon Maiak, eta idea horretatik tiraka erabagi dau orain kontzertu solidario berezia egitea.

Sarrerak salgai dagoz hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu