Sarai Roblesek jantzi dau X. Izeta Sariketako txapela

Bizkaie! 2022-10-24 09:53   Bertsolaritzea

Bertso onenaren saria Ekhiñe Zapiainek irabazi dau.

Baztanen jokatu da Mariano Izeta euskaltzale eta bertsozale baztandarraren omenezko sariketea. Egun osoko ekitaldia izan da eta arratsaldean 16 bertsolarik hartu dabe parte kanporaketa bietan, Erratzun eta Elizondon eta horreetatik sei sailkatu dira finalerako. Azkenean Barañaingo bertsolariak jantzi dau txapela. Bertso onenaren saria, bestalde, Ekhiñe Zapiainentzat izan da.

Nafarroako Bertsozale Alkarteak eta Baztango Udalak atondu dabe sariketea, hamargarrena, Mariano Izeta bertsozale eta euskaltzale baztandarraren (Elizondo, 1915-2001) omenez. Danetara, Nafarroako 16 bertsolari gaztek hartu dabe parte sariketan. Arratsaldean, kanporaketa bi izan dira, zortzina bertsolarigaz. Horreetatik, seik lortu dabe arratsaldeko finalerako txartela, saio bakotxeko lehen hirurak. Elizondoko Intza ostatuan jokatutako kanporaketan, hain zuzen, Sarai Robles, Bittori Elizalde eta Patxi Castillo izan dira sailkatuak; Erratzuko Zubi-punta ostatuko saioan, ostera, Ekhiñe Zapiain, Ekain Alegre eta Eki Mateorena sailkatu dira.

Sei horreek jokatu dabe finala, afalostean, Elizondoko Kortarixar jatetxean. 70 lagun ingururen aurrean jokatu da finala, Zigor Gartzia Zian gai-jartzaile zala. Bost epaile ibili dira bertsolarien lana epaitzen: Amaia Telletxea, Cesar Etxeberria, Izaro Mitxelena, Joseba Beltza eta Julen Zelaieta. Horreek emondako puntuen arabera, Sarai Robles izentau dabe txapeldun, 333,5 puntugaz. Haren ostean sailkatu dira Ekhiñe Zapiain (320,5), Ekain Alegre (302), Patxi Castillo (297), Eki Mateorena (295) eta Bittori Elizalde (252)

Txapeldunaz gan, saioko bertso onenaren saria be emon dau epaimahaiak eta, Ekhiñe Zapiainentzat izan da saritua, zortziko handiko bigarren bertsoagaitik. Sari biak, txapela zein bertso onenarena, Juana Mari Izetak, Mariano Izeta zanaren alabeak, emon ditu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu