Alaia Martin izan da Elizondon irabazle

Bizkaie! 2022-10-24 07:51   Bertsolaritzea

Finalean sartzeko pausu sendoa egin dau oiartzuarrak.

Saio dotore bategaz ekin deutso 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusiak finalaurrekoetako faseari. Elizondoko Baztan pelotalekuan, 1.400 ikusleren aurrean, maila oneko saioa eskaini eben sei bertsolariek, baina Alaia Martin nabarmendu zan danen ganetik.

Lehenengo finalerdia irabazi eban Martinek, 729,5 puntugaz. Horri esker, fase honetako bigarren itzulian kantetako txartela ziur dauka. Ganera, puntuen behin betiko sailkapenean itzuli bietakoak batuko diranez, finalean egoteko pausu sendoa egin dau.

Joanes Illarregi izan zan zapatuko beste protagonistea, 711 puntugaz bigarren egin eban eta. Honek be puntu kopuru polita batu dau bigarren itzulian egon ahal izateko. Hirugarren Agin Laburu izan zan (677 puntu) eta laugarren Unai Agirre (652,5). Atzerago geratu ziran Onintza Enbeita (639,5) eta Iñaki Apalategi (623).

Elizondoko saioko gai-jartzailea Amaia Castorene izan zan.

Hurrengo finalaurrekoa Donibane Garazin jokatuko da, urriaren 29an, zapatua (17:00). Kantuan izango dira Aitor Etxebarriazarraga, Amets Arzallus, Asier Azpiroz, Haritz Mujika, Nerea Elustondo eta Oihana Iguaran. Txapelketako lehenengo saioa izango da Arzallusentzat. Betiko lez, Bertso Sarrerak webgunean erosi leitekez sarrerak.

Bestetik, Bizkaie! webguneko irakurleen artean saio batzuetarako sarrerak banatzen gabiz, hurrengoak zemendiaren 12an Durangon jokatuko dan finalaurrekorako izango dira.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu