Elizondon hasiko dira Txapelketa Nagusiko finalaurrekoak
2022-10-21 12:57 BertsolaritzeaItzuli bi izango ditu fase honek.
2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusian finalaurrekoak hasiko dira astegoienean, eta urriaren 22tik abenduaren 3ra bitarteko fase honetan erabagiko da Maialen Lujanbiogaz batera Iruñeko finalean kantauko daben zazpi bertsolariak nortzuk izango diran.
Lehenengo saioa Elizondoko Baztan pelotalekuan jokatuko da, zapatuan, hilak 22, arratsaldeko 17:00etan. Amaia Castorene gai-jartzailearen esanetara, sei bertsolari izango dira oholtzan: Agin Laburu, Alaia Martin, Iñaki Apalategi, Joanes Illarregi, Onintza Enbeita eta Unai Agirre. Azken honek Elizondon ekingo deutso Txapelketa Nagusiari, aurreko edizinoan finalista izan zalako; beste bostak final laurenetatik datoz.
Fase honetan honeek izango dira epaileak: Ainhoa Arregi Elosua, Bakarne Urreaga Etxeberria, Ekaitz Elorriaga Anduaga, Eneritz Azkue Basurko, Joseba Beltza Bengoetxea, Joseba Santxo Uriarte eta Maialen Berra Zubieta.
Finalaurrekoen fasea itzuli bitara jokatuko da. Lehenengo lau saioak lehenengo itzulikoak dira: Elizondo, Donibane Garazi, Irun eta Durango. Puntu gehien lortzen dabenek azken hiru saioetan barriro kantauko dabe: Amurrion, Baionan eta Bilbon. Finalaurrekoetan 24 bertsolari dagoz eta 18 izango dira bigarren itzulian. Itzuli bietako puntuak batuta, lehenengo zazpirak pasauko dira finalera.
Elizondoko saiorako sarrerak agortuta dagoz interneten, baina beste finalaurrekoetarako salgai dagoz online, Bertso Sarrerak webgunean.
Ikusi finalaurrekoen spot-a hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!