Euskal filmak zein kanpokoak, 33. Donostiako Bildurrezko Astean
2022-10-21 09:37 ZinemeaUrriaren 28tik zemendiaren 4ra, proiekzinoak eta jarduera osogarriak tartekatuko ditu jaialdiak.
Euskal Herrian egindako zinemeari lekua egiten ahalegindu dira 33. Donostiako Fantasiazko eta Bildurrezko Astearen antolatzaileak, azkenaldion genero horretako lan ugari egin dituelako bertoko sortzaileek. Horren erakusgarri da Paul Urkijoren Irati, jaialdiaren inaugurazinoan emongo daben pelikulea eta Alberto Vazquezen Unicorn Wars, biak euskerazkoak. Ganera, atzerriko film barritzailez beteta dago egitaraua, esate baterako, amaiera-ekitaldian aurkeztuko dan Abyzou (Oliver Park).
Urriaren 28tik zemendiaren 4ra egingo dan jaialdian, 32 film luze, 30 labur eta telesail baten hiru kapitulu emongo ditue. Lan barri-barriak ez eze, fantasiazko eta bildurrezko generoaren klasikoak gogoratzeko tartea be hartuko dabe.
Film luzeen Sail Ofizialeko 23 proiekzinoak Antzoki Zaharrean izango dira. Victoria Eugenia Antzokian, ostera, film laburrak, Sail Ofizialeko luzeen bigarren emonaldiak (euskeraz azpititulauta) eta bestelako proiekzino batzuk ikusi ahal izango dira, baita Pobre diablo animazinozko telesailaren aurkezpena be.
Azkenik, Tabakalerak lau film hartuko ditu: Alma viva (2022) eta Incroyable mais vrai (2022) pelikula barriak, Kwaidan (1964) klasiko japoniarra eta, Pedro Olea zinemagile bilbotarrari omenaldia egiteko, harek zuzendutako El bosque del lobo (1970).
Kanibalismoa izango da 33. edizinoaren gaietako bat. Horregaz lotuta, Azokabibal egingo dabe Donostiako Bulebarrean, kalejira pagano, makillaje tailer, eskulan eta antzerki eta guzti. Sail Ofizialeko film batzuetan be kanibalismoa lantzen da, besteak beste Jesús Francoren Mondo cannibale (1980) klasikoan.
Jarduera osogarrien artean aitatu leitekez Fanzineen Gerra klasikoaren 7. edizinoa eta Beldurrola, hau da, bildurrezko rol-jokoen saioak euskeraz. Club Aretoan, ostera, Barrexerka taldeak atondutako umore ikuskizunaz gozau ahal izango dau publikoak.
Erakusketa ugari be ikusi ahal izango dira jaialdiaren atxakian. Euskal Itsas Museoan, itsasoagaz lotutako kartel klasikoena; Luis Gasca: Komikia eta zinema Okendo KEn; Fuego Fatuo: Ulertezinaren bestiarioa Udal Liburutegian; Bilboko FAS Zineklubagaz lankidetzan antolatutako Odol tinta–Banpiroari omenaldia Intxaurrondo KEn; eta Arantza Sestayori eta Tito Saavedrari eskainitakoak.
Bildurrezko Astearen barruko saioetara joateko abonuak gaur, urriak 21, jarriko ditue salgai, Antzoki Zaharreko txarteldegian. Sarrera solteak 24an hasiko dira saltzen.
Egunez eguneko egitaraua hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!