Zientziaren eta memoriaren aldeko konpromisoa, Aranzadiren 75. urteurrenean

Bizkaie! 2022-10-20 10:06   Pil-pilean

Iñigo Urkullu Lehendakaria buru, agintariek bisitea egin dabe Donostiako egoitzara.

Jaurlaritzako agintariak, Aranzadiko arduradunak eta beharginak, Donostian (argazkia: Aranzadi) | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskal Herriaren historia eta naturea alderdi ugaritatik jorratzen dau Aranzadi Zientzia Alkarteak, geure gizarteaz dogun jakintzea handitu eta inguratzen gaituen mundua hobeto ulertzeko asmoz. 75 urte bete dituanez, Donostian dauen egoitzan Iñigo Urkullu Lehendakariaren eta Jaurlaritzako sailburu Bingen Zupiria, Arantxa Tapia eta Beatriz Artolazabalen bisitea izan dabe.

Gaur egun, 50 aditu inguruk egiten dabe lan Aranzadiren egoitza nagusian. Giza zein Natur Zientzietan proiektu esanguratsuetan sartuta eta emoitza baliotsuak lortzen dabil azkenaldion, beraz, osasun bikaina dau Aranzadik. Halan eta guzti be, euren lanak eten bako babesa eta gizartearen errekonozimendua behar-beharrezkoak dituala adierazo dau Zientzia Alkarteko presidente Jokin Otamendik: Ez dago etorkizunik zientzia barik, ezta iraganik memoria barik be.

Hain zuzen be, Memoria Historikoaren alde Aranzadik egin dauen lana nabarmentzekoa izan da azkenaldion. Gerretako biktima ugariren gorpuzkiak eta nondik norakoak topetako ahaleginak emoitza onak emon ditu, eta indusketen bidez gure historiaren pasarte ugari argitu ahal izan dira.

Egia zientifikoaren bilatzaile eta dibulgatzaile gara funtsean, adierazo dau Lourdes Herrasti erakundeko presidenteordeak. Egia horrek, alde batetik, gure historiari buruzko ziurtasunak emoten deuskuz; eta, bestetik, gure lurraldeko biodibersidadea, gure kulturea eta ondarea jagoteko baliabide zientifiko eta prestatuakaz etorkizunari aurre egiten laguntzen deusku.

Zorroaga auzoko 1910eko eraikin bat barriztau eta zientziaren etxe bihurtu izana be azpimarratu dau Herrastik, Jaurlaritzako agintariei emondako azalpenetan. Erakunde publikoen babesa behar dabela be zehaztu dau, eraikinean preminazko konponketak egin behar diralako, gaur egungo jardun zientifikoaren neurriko azpiegiturea izateko.

Makina bat proiektutan dabil Aranzadi, jakintzearen alor ugaritan. Esate baterako, urtero 200.000 hegaztiren eraztuntzea koordinetan dau. Hurreko historia ez eze, Historiaurreko aztarnak be lantzen ditue, adibidez, Altxerri eta Ekaingo kobazuloetan aurrerapen nabarmenak egin ditue. Zientziaren eta memoriaren aldeko konpromisoak gidatu ditu 75 urteotan, eta aurrerantzean be halan izango dala ziurtatu dabe.

Jaurlaritzako ordezkarien bisitaldia aprobetxauta, oroigarri sinbolikoa emon deutso Jokin Otamendik Iñigo Urkulluri: Aita Donostiaren Monumentuaren erreprodukzinoa, Aranzadik 1959an Jorge Oteiza eskultoreari eskatu eutsan obra monumentalaren eskala txikiko kopia.

75. urteurrena gogoratu eta ospatzen segiduko dau Aranzadik hurrengo hileetan, 2023ko udabarrira arte.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu