Barakaldoko Udal Euskaltegiak 40 urte bete ditu
2022-10-19 08:27 Euskerea berbagaiOspakizun nagusia gaur, hilak 19, egingo dabe, Clara Campoamor aretoan.
Barakaldoko eta Ezkerraldeko euskalduntze prozesuan ezinbestekoa izan da Barakaldoko Udal Euskaltegia azkenengo lau hamarkadotan, milazak ikasle pasau dira bertako ikasgeletatik. 1982an zabaldu eben, lau irakasleren ardurapean, eta gaur egun ia mila ikasle eta 37 irakasle ditu. Hortaz, ospatzeko tartea hartu dabe egunotan.
Ospakizun nagusia gaur, eguaztena, egingo dabe, Clara Campoamor aretoan (19:00). Musikaz girotutako ekitaldian, euskalduntzearen aldeko mezua zabaldu eta urteotan egindako lana gogoratuko dabe. Ondoren, Hala Dzipo taldeak alaituta, triki-poteoa egingo dabe Clara Campoamorretik euskaltegiaren eraikinera.
Ekitaldian izango dira euskaltegiko kideak eta erakunde publikoetako ordezkariak. Barakaldoko Udalekoek ez dabe hutsik egingo, Udalaren ardurapeko euskaltegia dan ezkero, baina Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak be han izango dala aurreratu dau.
Gaur egun, 950 ikasle dagoz Barakaldoko Udal Euskaltegian, eta 1.400 be izan ditu kurso batzuetan. Beti ez da holan izan, baina. Orain dala urte gitxira arte, 400 ikasle inguru izaten zituan urtero, eta orduan erabagi eben eskaintzea zabaltzea: gurasoentzako talde bereziak, Batxilergoko ikasleentzako errefortzua, merkatari eta ostalarientzako ikastaroak...
Gaur egun, askotariko eskaintza horri eusten deutso. Barakaldoko Euskaltegia inoiz baino handiagoa da eta orain inoiz baino eskaintza zabalagoa dau, adierazo dau Udaleko Euskera zinegotzi Iratxe Forcesek.
Aurrera begira be, Udalaren babesa izango dauela ziurtatu dau Forcesek: Urteotan guztiotan Udalak euskerea bultzatzeko egin dauen apustua oso argia izan da. Etorkizun oparoa ikusten deutso, beraz, zinegotziak: Guretzat Udal Euskaltegia harro egoteko arrazoia da, are gehiago dauen osasun onagaitik, ikasgelak oso bizirik ditu.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!