Euskerearen Ezagutzearen Unibersalizazinoaren jardunaldiak Gasteizen egingo dira

Bizkaie! 2022-10-18 12:35   Euskerea berbagai

Zemendiaren 10 eta 11n da, eta Kataluniako eta Flandriako konbidaduak etorriko dira.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta Euskalgintzaren Kontseiluak bigarrenez atondu ditue Ezagutzearen Unibersalizazinoaren jardunaldiak, herritar guztiek euskeraz jakiteko bidean dagozan tresnak, aukerak eta estrategiak jorratzeko. Jauzirako prest lemapean, Gasteizko San Prudentzio Fundazinoaren egoitzan egingo ditue, zemendiaren 10ean eta 11n.

Euskal Herriko esperientziak izango dira egitarauaren ardatza, baina atzerriko aditu biren ekarpena be ezagutu ahal izango dabe parte-hartzaileek: Flandriatik Ann De Moor irakaslea etorriko da, hango hezkuntza-sistemeak neerlanderearen berreskurapenean izan dauen zereginaz eta Bruselako hezkuntza-antolamenduaz berba egiteko; Kataluniatik datorren Avel·lí Flors irakasleak, ostera, gazteek katalan gehiago erabilteko bidean dagozan erronka barriak azalduko ditu.

Bertoko erakunde eta adituen artean, HUHEZIko irakasle Karmele Perez, HEZTEN-eko Maite Asensio, Uda Leku, Ikasika eta HABE dagoz. Ganera, Kontseiluaren Ikasle Euskaldun Eleaniztunak proposamenean oinarritutako hizkuntza-proiektuak aurkeztuko ditue Donostiako Aitor ikastolako, Dimako Ugarana eskolako eta Iruñeko Iparralde DBHIko kideek.

Euskaltegiek be badabe zeresana ezagutzearen unibersalizazinoan. Hartara, AEK eta IKAko ordezkariek jardunaldien lehenengo edizinoan hartu ziran konpromisoen nondik norakoen barri emongo dabe. Testuinguru berezietan euskerearen presentzia eta erabilerea bermatzeko estrategiak, aldiz, Gasteizko Mariturri eskolako, Irungo Belaskoenea eskolako eta Lapuebla de Labarcako Assa ikastolako zuzendariek azalduko ditue.

Irakurri egitarau zehatza hemen (PDF).

Hizkuntza Politika Sailak eta Kontseiluak beharrezkotzat jo dabe ezagutzearen unibersalizazinoaren inguruko gogoetea sustatzea, horra heltzeko bideak alkarregaz arakatzea eta orain arteko dinamika eta estrategiak konpartidutea.

Jardunaldietan parte hartzea doban da, baina izena emon behar da (hemen). Zemendiaren 7ra arte dago astia. Nahi daben guztientzat izan leiteke interesgarria, baina, batez be, honeek izan ditue gogoan: irakasle, pedagogo eta hezkuntza mundukoak; guraso-alkarteetako kideak; euskalgintzako eta euskaltegietako kideak; eta euskaltzaleak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu