UPV/EHUk Urrezko Dominea emon deutso Gipuzkoako Foru Aldundiari

Bizkaie! 2022-10-17 10:03   Kulturea

Unibersidadea sortu zanetik Aldundiak eskaini deutson lankidetza handia nabarmendu dau errektoreak



UPV/EHUko Urrezko Dominea Gipuzkoako Foru Aldundiari emoteko ekitaldira gizarteko eta erakundeetako ordezkari ugari hurreratu dira, besteak beste, Eneko Goia, Donostiako alkatea; Xabier Ezeizabarrena, Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentea; Adolfo Morais, Eusko Jaurlaritzako Unibersidade eta Ikerketa sailburuordea; Cristina Uriarte, Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Teknologia eta Barrikuntzarako komisionatua; Pedro Miguel Echenique Donostia International Physics Center Fundazinoko presidentea eta hainbat foru diputadu, kargu publiko eta Gipuzkoako gizarteko ordezkari.

Gipuzkoako Diputazinoak euskal unibersidade publikoari emondako babesa autortu eta eskertu dau Eva Ferreira errektoreak: Azken urteotan lankidetza hori unibersidade-azpiegitura barriak barritzean eta sortzean gauzatu da eta, horrezaz gan, zientzia eta ikerketa-jarduerea bultzatu dau, jakintzea unibersidadetik gizartera transferitzea sustatu dau.

Era berean, errektoreak adierazi dauen legez, Euskal Herriko Unibersidadeak Gipuzkoagaz dauen konpromisoa bere nortasun sakonaren ondorioa da. Eta konpromiso hori indartu egin da urteetan zehar, gure Diputazinoaren laguntzeari esker. Badakit aurrean dogun bidea azken hamarkadetan bete doguna baino emonkorragoa izango dala. Bidearen tarte on batean ibili gara, bai, baina oraindino bide luzeagoa dogu aurretik.

Bestalde, Gipuzkoako diputadu nagusiak, Markel Olanok, esker ona adierazo dau Euskal Herriko Unibersidadearen Urrezko Dominea jasotean. Gainera, azken lau hamarkadetan unibersidadeagaz alkarlanean jardun daben foru langile eta ordezkari guztiak gogoan izan ditu. Olanoren eretxiz, UPV/EHUk lurraldean dituan ikastegiek gipuzkoar gizarterako hezkuntzearen, jakintzearen, kulturearen, ikerkuntza zientifikoaren eta garapenaren motor nagusietakoa dira eta holan izaten jarraitu daian foru erakundearen erabateko konpromisoa berretsi dau Olanok. Gaur egun, aldaketa ekonomikoak, sozialak eta politikoak oso azkar jazoten dira eta horreen aurrean, eraldaketa azkarra eta sistemikoa egiteko gaitasuna daben herriek aurrera egingo dabe, garapen ekonomikorako eta gizarte-kohesinorako baldintzak sortuz. Ezinbestekoa da erakunde publikoen, unibersidadearen eta gainerako eragile sozial eta ekonomikoen arteko alkarlana. Komunidade nahiz herri lez lankidetzeari eutsi eta horretan sakonduz lortuko dogu gizarte demokratiko eta anitz bezela aurrera egitea, ekonomia aurreratua jorratu, gizarte babeseko egitura barritzaileak sendotu eta gure hizkuntzeari bultzadea emotea, zehaztu dau.

Ikerkuntzeari babesa

Eneko Agirrek, Hizkuntza Teknologiako Euskal Zentroko (HiTZ) zuzendariak, bere laudatioan azpimarratu dauenez, 'Gipuzkoako Foru Aldundiak ikerketearen arloan emon eta emoten dauen babesa oso garrantzitsua da: Ikerkuntza bidean hasieran dagozan ikerlarientzat berebiziko garrantzia izaten dau lehenengo proiektu finantzatuak, baliabide horiek ezinbestekoak baitira ikerlari berriek bor-bor dituzten ideia berritzaileak garatzen eta gauzatzen hasteko. Sormena oinarrizkoa da ikerkuntzak aurrera egin daian eta hor dago Gipuzkoako Foru Aldundia. Honek era askotan eta sakonetan, ekintza txiki eta handiakaz, batzuetan ia oharkabean pasau daitekezan moduetan, lagundu deutso Euskal Herriko Unibersidadeari eta Euskal Herriko Unibersidadeak be pausuak emon ditu gizarteari laguntza hori bueltetako.”

Euskal Herriko Unibersidadeak 1983an eratu eban Urrezko Dominea eta erakundeak bere jarduera akademikoagaitik edo emondako zerbitzuakaitik domina hori merezidu daben pertsona fisiko edo juridikoei, pribatu zein publikoei, emoten deutsen errekonozimenduaren adierazgarri da.

Gipuzkoako Foru Aldundiak hasieratik lagundu dau Gipuzkoako Campusaren garapena, azpiegitura eta proiektu barriak eregiten lagunduz: Nabarmentzekoa da erakunde horrek Injinerutza Eskolea eregiteko emondako laguntzea. Eskola hori 2003an inaugurau eben eta zentroko laborategietako ekipamenduaren zati handi bat finantziau eban. Azpimarratzekoa da haren lankidetzea, beste erakunde batzuen artean, Joxe Mari Korta Zentroa eregiten, I+G+B zentroa, hainbat ikerketa-taldek, UPV/EHUko Zerbitzu Orokor Zientifiko-teknologikoek eta Informazinoaren eta Komunikazinoen Teknologien Zerbitzuek egoitzea daben zentroa eta Carlos Santamaría Zentroa, Gipuzkoako Campuseko liburutegi nagusia eta Institutu, Katedra eta Ikerketa Taldeen egoitzak hartzen dituan eraikina, Gizarte Zientzien, Zientzia Juridikoen eta Humanidadeen arloetan, besteak beste.

Era berean, Gipuzkoako Foru Aldundiak Euskal Herriko Unibersidadeagaz lankidetzan jardun dau hainbat ekimenetan 2010etik, besteak beste, Gipuzkoa Aurrera ekimenean eta, 2016tik aurrera, Etorkizuna Eregiz ekimenean. Irakaskuntzearen eta ikerketearen esparruan, era berean, 2020tik, Gipuzkoako Foru Aldundia Euskal Herriko Unibersidadeagaz lankidetzan dabil unibersidadeko enpresa-gelak sortzen. Ikasgela horreek lankidetza-tresna eraginkorrak dira unibersidade-zentroen eta erakunde eta enpresen artean, bai ikerketearekin, garapen teknologikoagaz eta barrikuntzeagaz lotutako jardueretan, bai prestakuntzeagaz lotutako guztian. Holan, ekonomia zirkularraren inguruan sortutako hiru ikasgela eta zibersegurtasunaren inguruan Informatika Fakultadean sortutako ikasgelea nabarmentzen dira.

Bestalde, arlo sozial eta kulturalean, foru erakundeak eta Unibersidadeak Arrakasta Programea sortzen lagundu dabe, unibersidadeko arrakasta akademikorako. Arrakasta programea 2017an jarri eben martxan, Gipuzkoako Foru Aldundiagaz batera eta haren helburua da unibersidaderako sarbidea erraztea, edade-nagusitasunera heldutako eta umeak eta nerabeak babesteko eta gizarteratzeko neurrien menpean bizi diran gazteek ikasten jarraitu deien eta ikasketak emoitza bikainez amaitu deiezan. Erakunde biek hainbat Katedra sortzen lagundu dabe, besteak beste, Mikel Laboa Katedrea euskal arteari eta folkloreari buruzko ikerketea eta sorkuntza artistikoa sustatzeko eta zabaltzeko helburuari eutsiz sortutakoa, Mikel Laboaren lana bere alderdi guztietan erreferentetzat hartuz. Joxe Azurmendi Katedrea, euskal filosofo honen eta bere garaikideen obrea eta pentsamendua ikertu eta transmitiduteko sortu zan. Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiak Euskampus proiektuan laguntzen dau, Euskal Herriko Unibersidadeak, Tecnaliak eta DIPCk sustatua.

Orain arte 21 erakunde eta persona ospetsuk jaso dabe Euskal Herriko Unibersidadearen Urrezko Dominea, besteak beste, Eduardo Chillida, Ignacio Mª Barriola, Manuel Agud Querol, Pedro Miguel Echenique, Arabako eta Bizkaiko Foru Aldundiak, Benito Lertxundi, Mikel Laboa eta Jexus Maria Artze, Euskaltzaindia eta Eusko Ikaskuntza.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu