Arima Soul, musika baltza euskeraz

Bizkaie! 2022-10-14 12:55   Musikea

Zortzi kantuko diskoa plazaratu dau laukoteak.

Soul musikea eta Estadu Batuetako baltzen komunidadeari lotutako doinuak euskeraz lantzeko asmoz sortu eben Arima Soul taldea. Laukote formatuan plazaratu dabe izen bereko diskoa, zortzi kantu dakarzan bildumea. Naturea, maitasuna eta gizarte arloko gogoetak dira diskoko gai nagusiak.

CD eta binilo formatuetan dator bildumea, Carles Closa diseinatzaile katalanak egindako azal eta guzti. Zuri-baltza buztartuta, sinbolismo handiko diseinua da, baltzen musikea joten daben musikari zurien adierazgarri dalako. Biribiltasuna be badau azalak, eta Arima Souleko kideek disko biribila atondu dabela uste dabe, behinik behin.

Lidia Insausti da taldeko abeslaria, haren ahots indartsuak jantzi ditu diskoko soul doinuak. Berbak be harenak dira. Mikel Makala (baxua), Gorka Gaztanbide (bateria) eta Paul San Martin (tekladuak) dira beste hiru kideak. Goi mailako kolaboratzaileak izan ditue kantu batzuetan, besteak beste, Lalo Lopez (gitarrea), Ion Celestino (haizeak) eta Adrian Martinez (haizeetan hau be).

Ahotsetan, Insaustiri laguntzen, Noa Egiguren eta Lide Hernando ibili dira. Aurretik be alkar ondo ezagutzen dabe hirurek, Ispirit Gospel proiektuan dabiz eta. Hirurak dira emakumeak, diskoak badakarrelako emakumeek sorkuntzan zein gizartean aske izatearen aldeko aldarrikapena be, batez be Gu andereak kantuan.

Gu andereak-en bideoklipa hemen.

Buruan darabilen musikara eta jarrerara hurreratzen dabil, gero eta gehiago, Arima Soul. Halantxe onartu dabe taldekideek, eta disko hau personalagoa eta definiduagoa dala dinoe. Era berean, doinu freskoak dakarrezela azpimarratu dabe.

Erritmo jantzagarrien eta doinu baltzen zaleek, beraz, beste harribitxi bat dabe orain eskura, eta euskeraz. Diskoan ez eze, zuzenean be entzun ahal izango ditue Arima Beltzaren doinuak laster. Hasteko, gaur, urriak 14, disko barriko kantuak aurkezteko kontzertua emongo dabe Donostian, Imanol Larzabal kultur aretoan.

Hurrengo kontzertuak Aretxabaletan (zemendiak 4), Durangoko Azokan (abenduaren 11n) eta Getxon (2023ko martian) joko ditue.

Ondoren, Espainian kontzertu batzuk emoteko asmoa be badau taldeak. Izan be, Girando Por Salas egitasmoaren 2022ko edizinorako aukeratu dabe, beste 25 taldegaz batera, eta han-hemen emonaldiak atontzeko diru-laguntzinoa emongo deutsie. Talentu eta talde barrien profesionalizazinoa bultzatzea da egitasmoaren helburua eta Arima Soul 676 hautagairen artean aukeratu dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu