Bertsolariak prest Txapelketa Nagusiko finalaurrekoetarako
2022-10-14 09:02 BertsolaritzeaFinalerako zazpi txartel egongo dira jokoan urriaren 22tik aurrera.
Final laurenak amaituta, deskantsurako tartea dabe astegoien honetan 2022ko Bertsolari Txapelketan parte hartzen dabizan bertsolariek. Urriaren 22tik abenduaren 3ra, zazpi saio jokatuko ditue finalaurrekoetara heldu diran 24 bertsolariek, fase bitan banatuta: lehenengo lau saioetako puntuazinoa eta azken hiruretakoa batuta jakingo dogu nortzuk egingo daben aurrera.
Lehenengo hitzordua Elizondon izango da, datorren asteko zapatuan, 17:00etan. Hau kantauko dabe Agin Laburuk, Alaia Martinek, Iñaki Apalategik, Joanes Illarregik, Onintza Enbeitak eta Unai Agirrek, Amaia Castorene gai-jartzailearen aginduetara.
Ondoren, Donibane Garazira helduko da Txapelketa Nagusia, hilaren 29an. Oholtzan, Aitor Etxebarriazarraga, Amets Arzallus, Asier Azpiroz, Haritz Mujika, Nerea Elustondo eta Oihana Iguaran. Zemendiaren 5ean, Irunen, Ane Labaka, Jone Uria, Maddalen Arzallus, Miren Artetxe, Nerea Ibarzabal eta Sustrai Colinaren txandea izango da.
Finalaurrekoetako lehenengo fasea Durangon amaituko da, zemendiaren 12an. Egun horretan kantauko dabe Aitor Bizkarrak, Aitor Mendiluzek, Beñat Gaztelumendik, Eñaut Martikorenak, Julio Sotok eta Saioa Alkaizak. Lehenengo lau saiootan puntu gehien daben 18 bertsolariek azken hiru finalaurrekoetan kantauko dabe.
Bertsosarrerak.eus webgunean salgai dagoz saio guztietako sarrerak. Gogoan izan Durangoko saiorako sarrera bikotx bi emongo doguzala Bizkaie!-ko irakurleen artean, beraz, adi egon saioaren aurreko egunetan! Finalerako sarrerak be emongo doguz aurrerago.
Podcast distopikoa
Bertsolari Txapelketa Nagusiaren harira, #10garrena podcast barria martxan jarriko dau EITBk datorren astean. Xabi Paya eta Aitzol Barandiaran gidoilari dirala, eta Iñaki Beraetxe zuzendari, fantasiaren eta irudimenaren alde egin dabe produktu barri horretan. Iruñean egin daben aurkezpenean azaldu dabenez, errealidadeagaz bat ez datozan finalak asmau eta antzeztuko ditue podcastetan.
Kapitulu bakotxean ezohiko egoera bat agertuko dabe. Esate baterako, Squid Game telesailean lez, finaleko bertsolarien artean onena baino ez balitz bizirik geratuko? Eta finalista guztiak emakumezkoak balira? Bertsolari bakotxak hizkuntza diferente batean kantauko baleu? Edo bertsoen barruan publizidadea egitea baimenduta balego?
Ikuspegi distopikoa baina, era berean, entzuleek buruari eragitekoa dakar, beraz, #10garrena podcastak. Aktore ugarik hartuko dabe parte; tartean dira Joxe Felipe Auzmendi, Aner Peritz, Itziar Urretabizkaia, Ane Gabarain, Kepa Errasti, Julene Iturbe, Uxue Alkorta, Aitzol Barandiaran, Nagore Aranburu eta Ainhoa Aierbe.
Danae Riañok egin dau podcast barriaren sintonia. Lehenengo atala urriaren 17an zabalduko dabe eta 20 minutuko zortzi atal egitea da aurreikuspena.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!