Sorginen Lasterketea: Anbotoren ikutu alpinoa eta ibilbide oparoa Atxondon

Amaia Larruzea 2022-10-14 07:57   Ibilian-ibilian

Eguraldia bidelagun eta inoiz baino jente gehiago animoak emoten.

Axpe auzoa, Atxondo, Durangaldea, Anboto, Urkiola eta Atxarte. Ederra eztandea, ederra hitzordua. Plana, aldiz, ez da gaurkoa, bai, ostera, gaurkotua. 15 urte bete ditu Sorginen Lasterketeak 2022. urte honetan. Hainbat eta hainbat urte dira, eskuakaz be zenbatu ezin geinkezanak. Ez da ba erraza horrenbeste urtez eustea probei, baina lortu dabe eta erabarritua izan da, ganera.

Orain dala urte gitxi, ibilbide aldaketa guztiei batu eutsen geure inguruan daukagun altxor preziaduenetako bat, Anboto eta inguruak. Erronkea handitu egin da, beraz. Urkiolak eta Atxartek eskaintzen daben kutsu alpinoa berezia da bere horretan. Ibilbide asko eta asko izan ditu proba honek historian zehar, eta aurtengoa gogorrena izan da, zalantza barik: 21 km eta 1.700 m d+. Sekulako desnibela kilometro 'gitxian'. Kakotx artean jarri dot, oso erlatiboa dalako, 21 km ez dira gitxi, baina bai desnibel hori egiteko.

Ibilbidea Wikiloc-en daukagu ikusgai eta deskargetako prest, nork bere kontura egin nahi izan ezkero. Aurten, irudi barri eta guzti, Euskadiko txapelketea, taldekako lehiaketea, banakakoa eta ikusmina buztartu ditu. Hori bai, betiko enkantua gordeta. Axpeko plazan, beti lez, Anbotora begira eta Atxondoko auzokide guztiak bertan, herri txikien lilura eta bizitasun guztiagaz. Eguraldia bidelagun eta inoiz baino ikusle gehiago, sekula baino jente gehiago bide bazterretan animoak emoten.

Erreparau deiogun ibilbideari: Axpeko plazatik Mendi Goikoa jatetxe ederrerantz abiatu eta ibilbide barritik sekulako aldapek serio jarri dabe kontua, hemen ez dago beste aukerarik gora eta gora egitea baino. Atxeko baserrira jatsita, handik Zabalandirantz zuzenean igon, norabide horretan segidu eta baso ederretatik pasauta, inguruotan askotan gabizanok be ezagutzen ez dogun ingurua topauko dogu, bestelakoa, aukera ederra baso eta bide barriak ezagutu edo beste ikuspegi batetik begiratzeko.

Bertatik, ahuntz artean, Anboto maiterantz igon, eta bajatzean, sokek lagunduta, hain ibilita eta hatx horren higatua dagoan ohiko bidetik Pagazelaira jaisten da, handik Atxarterantz eta Guenzelai ederrera heltzeko, Larrano eta Alluitzen alboan jagole. Untzillatx eta Astxiki begi aurrean izanda, aurrera segidu, Artolarantz igoteko asmoz. Azken aldatza, azken igoerea. Luze- luzea be ez da, baina luze egin daiteke, hanketan egurra daroagulako eta ea nork ez dauen arnasesturik egiten bertan. Ez da erraza. Azken igoerearen ondoren, azken jatsierea. Inoiz baino jente gehiago bertan animoak emoten, mendi giroan, naturan, giro osasuntsuan eta hankak leher eginda. Azken estualdia, azken hauspoaldia eta aurrera.

Zein ederra dan Astxikiren eta Alluitzen artean sortzen dan magaltxua, alde batetik eta bestetik horren ikuspegi ezbardinak eta askotarikoak eskaintzen dituana. Abadiñoko zelaiak atzean itxita, Atxondoko auzoak doguz aurrean, behean, zig-zag bidexka ederretan behera, Axpeko plazara heldu arte. Etxebarri jatetxe ezagunaren tabernea, auzoko txokoa, oholtzea, parte-hartzaile, ikusle, auzokide eta lagunak; eta bertan, Anboto begira.

Ardao ona bezela aurrera, urteak betetean hobeto sentidu eta ez iragarkiek sinistu eragin nahi dabena. Esperientzia gradu bat da eta gauza on asko emoten ditu. Aurrera ba Sorginen Lasterketea, jarraitu deiala Anbotoko Dameak Atxondo magalean eta Sorginen Lasterketea kuttun izaten.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu