Enpresetan euskeraz lan egiteko eskubidea eskatu dabe Kontseiluak, ELAk eta LABek
2022-10-13 13:12 Euskerea berbagaiEuskeraz lan egitea, eskubide kontua lemapean hasi dabe dinamikea.
Euskaltzaleen Kontseiluko ordezkariak eta ELA eta LABeko 160 delegadu sindikal batu dira Bilbon, eremu sozioekonomikoan be euskaldunen eskubideak errespetau behar dirala aldarrikatzeko. Enpresarik enpresa zabaldu nahi daben dinamika barriaren leloa Euskeraz lan egitea, eskubide kontua da.
Euskeraz lan egiteko eskubidea erdigunean jarri eta hori bermatzeko pausuak egiteko borondatea agertu dabe Kontseiluak, ELAk eta LABek. Enpresetara joko dabe, ahal danik eta leku guztietan Euskaraldiaren ariguneak sortu deiezan eta, epe luzeagora, lanlekuak euskalduntzeko konpromiso zehatzak hartu deiezan.
Arrazoi nagusi bik bultzatu ditue hiru eragileak kanpaina hau martxan jartera. Batetik, beharginek dituen lan eta bizitza duinerako eskubideetan, hizkuntza eskubideen aldeko burrukea be sartzen dalako. Bigarrenik, euskerearen normalizazinorako ezinbestekoa dalako eremu sozioekonomikoa kontuan hartzea, beharginen zein konsumitzaileen ikuspegitik.
Enpresetan euskera planak egitea da hiru eragileek nabarmendu daben pausuetako bat. Gaur egun, Euskal Herriko entidadeen % 1ek be ez dauka euskera planik eta, hori gitxi balitz, enpresetan berez sortzen diran poderezko hartu-emonek erderara bultzatzen ditue langileak. Euskeraz lan egiteko daben eskubidea behin eta barriro urratzen dala salatu dabe.
Orain hasitako kanpainearen aurretik be, Kontseiluak, ELAk eta LABek alkarregaz ahaleginak egin ditue eremu sozioekonomikoa euskalduntzeko. 2020an beste dinamika bat aurkeztu eben, 50 beharginetik gorako enpresetan euskera planak bultzatzeko eskatzeko.
Ondoren, 2021ean, Eusko Legebiltzarreko alderdi guztiei aurkeztu eutsen aurreko urteko proposamena. Confebask eta CEN patronalakaz be batzarrak egin nahi izan zituen, baina hareek ez eben erantzun.
Hasierako ahalegin haretan akordiorik lortu ez baeben be, orain martxan hasi dan dinamikearen oinarriak ezarri zituen. Hain zuzen be, handik datoz orain mahai ganean ipini dituen eskari zehatz batzuk: enpresetan euskera batzordeak eratzeko baliabideak emotea; Bai Euskarari ziurtagiria lortzeko prozesuan sartzea; euskera planak martxan jartea; eta aldeen artean bestelako neurri batzuk be adostea.
Era berean, zemendiaren 18tik abenduaren 2ra bitarteko III. Euskaraldia aprobetxauta, 50 behargin edo gehiago dituen enpresetako delegaduek proposamenak aurkeztuko deutsez zuzendaritzakoei. Asmoa da euskerearen normalizazinorako neurriak beharginen eta zuzendaritzearen arteko adostasunez hartzea.
Dinamikea amaitzen danean, Kontseiluak, ELAk eta LABek balorazino bateratua egingo dabe.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!