Blas de Oteroren poemak euskerara itzulita, 'Ordaindu gabeko letra bat' liburuan

Bizkaie! 2022-10-11 13:27   Kulturea

Gaur, martitzena, irakurraldia Bilboko Bidebarrieta Kulturgunean, 19:00etan.

José Fernández de la Sota, Andres Urrutia, Juan Mari Aburto eta Gonzalo Olabarria (argazkia: Bilboko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Ordaindu bako letratzat (letra impagada) eukan euskerea Blas de Otero idazle bilbotarrak, kendu egin eutsen ama-hizkuntzea zala esaten eban, eta ez jakitearen damua eukan. Horri bueltea emotera dator Ordaindu gabeko letra bat, Blas de Oteroren hainbat poema euskeratuta dakarzan bildumea, idazle ezagunen ahaleginari esker.

Blas de Otero Fundazinoak argitaratu dau liburua, Euskaltzaindiaren eta Bilboko Udalaren laguntzinoagaz. Horregaitik, Bilboko udaletxean egin dan aurkezpenean izan dira José Fernández de la Sota fundazinoko presidentea, Juan Mari Aburto alkatea eta Andres Urrutia euskaltzainburua.

Hamabi poeta arduratu dira Blas de Oteroren testuak euskerara ekarteaz. Gabriel Arestirenak dira itzulpenetako batzuk, aspaldikoak, idazle biak lagun minak izan ziran eta. Beste hamaika itzultzaileek beren-beregi euskeratu ditue poemak libururako: Bernardo Atxaga, Joseba Sarrionandia, Miren Agur Beabe, Gerardo Markuleta, Felipe Juaristi, Leire Bilbao, Luigi Anselmi, Kirmen Uribe, Beatriz Chivite, Harkaitz Cano eta Aritz Gorrotxategi dira.

Antologia elebiduna egitea da argitalpenaren asmoa, baita Blas de Oteroren obrea euskerazko idazleen begietatik ikustea be. Orain arte argitaratu bako argazkien bildumatxua be badakar liburuak.

Juan Mari Aburto alkatearen esanetan, liburu hau modu bat da Blasen amesa beteteko, hau da, haren arbasoen kultura euskaldunaren ondarea berreskuratzeko, modu sinbolikoan izan arren, eta bera hil eta lau hamarkada geroago.

Irakurraldia

Papelean argitaratutako olerkiei bizitzea emoteko, gaur, martitzena, irakurraldia egingo dabe Bilboko Bidebarrieta Kulturgunean. 19:00etan hasiko dan ekitaldi horretan, Ordaindu gabeko letra bat liburua aurkeztuko dabe eta bertako poemak jentaurrean irakurri.

Amaia Gabantxok eta José Fernández de la Sotak errezitauko ditue liburuko poemak. Ekitaldian izango dira, ganera, Gonzalo OLabarria zinegotzia, Bernardo Atxaga eta Andres Urrutia.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu