Gasteizen, Bilbon eta Araian egingo dabe 19. Bernaola Zikloa
2022-10-11 09:56 MusikeaUrriaren 22an hasiko da kontzertuko egitaraua.
Musika garaikideko bertoko eta kanpoko artisten emonaldiak eta Europa osoko konpositoreek jaialdi honetarako beren-beregi sortutako piezak hartuko ditu 19. Bernaola Zikloak, urriaren 22tik zezeilaren 11ra bitartean. Gasteiz izango da kontzertuen egoitza nagusia, baina Bilbon eta Araian be egingo ditue batzuk.
Aurtengo edizinoa Gasteizen aurkeztu dabe. Bertan izan dira Estibaliz Canto Udaleko zinegotzia; Ana del Val Arabako Kultura diputadua; Arantxa Ibañez de Opacua Vital Fundazinoko zuzendaria; eta Guillermo Lauzurika zikloko zuzendaria. Kontzertu guztiak, 14, dobakoak izango dirala azpimarratu dabe.
Egitaraua urriaren 22an, zapatua, zabalduko dau Ensemble Kuraiak, Jesus Guridi Musika Konserbatorioan, eta urriaren 29an Florence Augendre & Franck Hemmerié egongo da Artiumen.
Zemendian be, Jesus Guridi Konserbatorioak saio ugari hartuko ditu: Juliet Fraser, hilaren 12an; Ensemble N, 19an; eta Ensemble Sinkro, hilaren 27an. Azken horrek, ganera, Araiako Andra Mari Aretoan be joko dau, zemendiaren 27an. Guridi Garaikidea ikuskizuna Konserbatorioan izango da hilaren 29an, eta Trío Apellániz abenduaren 3an helduko da.
Urtarrilean berrekingo deutse Bernaola Zikloari. Ensemble Sinkro (14an), Bilbao Sinfonietta (21ean) eta Akusma (28an) Konserbatorioan entzun ahal izango doguz. Ensemble Sinkrok Bilboko Arriaga Konserbatorioan be joko dau, urtarrilaren 16an, 19:00etan.
Bernaola Zikloa zezeilean amaituko da. Batetik, 4an, Alfonso Gómezek saio bi eskainiko ditu Gasteizko Konserbatorioan, 18:00etan eta 20:00etan; bestetik, 11n, CMC Garaikideak taldearen txandea izango da, leku berean.
Egitarau osoa hemen (PDF).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!