Ana Gutierrez: 'Alli Haapasalo-ren 'Girl Picture' film luzearen estreinaldia izango dogu Bilbon'
2022-10-17 07:54 BarriketanDatorren astelehenean, urriak 17, 19:00etan, BBK Salan, Zinemakumeak gara! - Emakumeek zuzendutako zinema erakusketearen 27. edizinoa inauguratuko da, Helena Taberna zuzendari, produktore eta gidoilariari Simone de Beauvoir saria emonez. Ekitaldi horretan Ana Bravo komiko eta bakarrizketariaren saioa eta Alli Haapasalo zuzendari finlandiarraren Girl Picture film luzearen estreinaldia izango dira.
2022ko urriaren 17tik 28ra egingo da Zinemakumeak gara! emakumeek zineman eta kultura zinematografikoan daben zeregina ikusarazoteko.
Egitarau potoloa iragarri dabe: 13 film luze, horreetatik 9 estreinaldiak, Cannes, Locarno, Sundance eta Berlíneko jaialdietan aukeratuak.
Barrikuntzen artean, Pantaila Handia/Pantalla Grande sail barri bat, 2022ko filmak erakustekoa, nazinoarteko zinemaldi onenetatik pasautakoak eta Bizkaiko estreinaldiak diranak.
1.- Ez dakianarentzat, zer da Zinemakumeak gara!?
Zinemakumeak gara! emakumeek zuzendutako zinema eraskusketea da eta 27. edizinoa da aurtengoa. Erakusketeak irauten dauen aste biotan zikloak, film labur eta luzeen proiekzinoak, tailerrak, mahai-inguruak eta gidoilari gonbidatuen eta ikusleen arteko topaketak eskainiko ditugu.
2.- Pandemiaren ondoren indartsu dator 2022ko Zinemakumeak gara!. Atzera egin eta 2019ko (El rumor del cambio) edizinoaren ondoren, zeintzuk izan dira burukominik handienak?
Era honetako ekitaldi guztietan legez, eragina sano handia da, izan be, kultur jarduera guztiak astiro esnatzen doaz, publikoa pandemiaren aurreko ohitura eta jokeretara bueltetea gatxa da baina azken urte biotan gogoari eta pasinoari eutsiz, aurrera egin dogu eta egoerea ikusita, oso pozik gagoaz balantzeagaz.
3.- Danetara, 13 film luze erakutsiko dozuez, horreetatik 9 estreinaldiak. Bateren bat nabarmenduko zeunke?
Beharbada, deigarriena Laura Moraren Los Reyes del mundo da, Donostiako Zinemaldian Urrezko Maskorra irabazi barri dauena, baina ni neu ilusionauta nago Entre las higueras eta The Blue Caftan filmen estreinaldiakaz, ezkutuan egin behar izan dan lanagaitik, apartekoak diran film horreek lortzeko.
Edozelan be, informazino gehiago eta egitaraua hemen topauko dozuz.
4.- Zeintzuk dira Pantaila Handia/Pantalla Grande atal barriaren ezaugarriak?
Panorama sailaren barruan dago eta munduko zinemaldi puntakoenetan erakutsitako film onenetako batzuk batzen ditu. Halan da be, guk Cannesen, Berlinen edo Donostian egindako aukeraketen aurretik be jarraitzen genduzan.
5.- Zinemakumeak gara! jaialdian, emakumeen ikuspegia ardatz hartuta, zinema politikoa jorratuko dozue bidebakokeria sozialak eta holakoak erakusteko. Gai ugari dagoz txatal honetan baina izenbururen bat aurreratu zeinke?
Historian atzera egin eta egoerak begitu eta aztertzeko jarrerea bestelakoa da emakumeen ikuspegitik, beti gabizelako aldarrikatzen diktaduren eta errepresinoaren kontakizun ofizialei gure ikuspuntua emon behar deutsegula; Txilen, esaterako, Manuela Martelli zuzendariaren 1976 filmako narrazinoa girotzen da.
6.- Helena Tabernak eta Cecilia Bartolomék irabazi dabe Simone de Beauvoir saria. Festibalak ekitaldi berezirik atondu dau?
Jakina. Alde batetik, Helena Tabernaren hiru film luze erakutsiko ditugu, urriaren 18, 19 eta 20an BilbaoArten egoitzea izango dauen atzera begirako zikloan eta, bestetik, urriaren 25ean, martitzenean, Cecilia Bartolomeri omenaldia egingo deutsagu Bastida Aretoan (Azkuna Zentroa).
7.- Zinemakumeak gara! jaialdiko jarduerak Bilboko hainbat aretotan eskainiko dozuez...
Bai. Inaugurazinoa urriaren 17an izango da, astelehenean, BBK Aretoan eta, ondoren, BilbaoArtera joango gara aste horretako 18tik 20ra bitartean. Ondoren, Golem Alondiga zinema-aretoetara egingo dogu salto (urriaren 24-28), bertan batzen baita gure programazinoaren zatirik handiena.
8.- Film laburrak dira protagonista Bilborock Aretoan egingo dan XPREST! AUX izeneko jardueran. Parte-hartzaileak zeintzuk izango dira?
Aurten XPREST! AUX. zinema express jaialdia egingo dala aurreratu dogu, pandemiaren ondorioz atzeratu dan edizinoetako bat berreskuratzeko. Express film laburren jaialdia da eta, beraz, inoiz ez dakigu zenbat film labur erakutsiko diran proiekzinoaren egunera arte. Horrek aparteko grazia eta gure sufrimendua dakarz.
9.- Aurtengo kartela nork egin dau?
Maider Goikoetxea diseinatzaileak egin dau eta oso pozik gagoz baltza eta koloreak buztartzen dituan obreagaz. Horrexek iragarriko dau Zinemakume gara! jaialdia.
10.- Zeintzuk dira Zinemakumeak gara! jaialdiaren babesleak?
Orain 25 urte baino gehiago, erakunde eta enpresa pribatu askok ahalbidetu dabe Zinemakumeak gara! ekimena, besteak beste, Eusko Jaurlaritzea, Bizkaiko Foru Aldundia, Bilboko Udala, Emakunde eta BBK.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!