EHUren Animaliategia handitu dabe

Bizkaie! 2022-10-10 13:48   Pil-pilean

Ikerketan erabilten diran animaliei emondako tratuan eredu izatea da asmoa.

Unibersidadeko eta Jaurlaritzako ordezkariak, Animaliategiaren kanpoaldean (argazkiak: Irekia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Leioa-Erandioko unibersidade-gunean dago EHUren Animaliategiaren egoitza nagusia, eta handitzeko eta birgaitzeko obrak egin ditue azkenaldion. Goitik behera barriztauta dator azpiegiturea, 5,3 miloe euroko inbersinoari esker. Unibersidadeko zein Eusko Jaurlaritzako ordezkariak izan dira eraikin barriaren inaugurazinoan.

Rita Levi-Montalcini izena daroan Animaliategiaren zerbitzuak nabarmen hobetu dira obrei esker, Adolfo Morais sailburuordeak eta Eva Ferreira errektoreak azaldu dabenez. EHUn ikerkuntzarako erabilten diran animalien egoitzea da, eta baita beste laborategi batzuei ahollkularitzea emoteko zentroa be.

Gaur egun indarrean dagozan arauak zorrotz beteteaz arduratuko dira Animaliategian, animaliei emoten jaken tratuari jagokonez. Segurtasuna, higienea eta etikea hartzen ditu kontuan legeak. EHUk hiru puntuen printzipioa ezarri dau: Ordezpena, hau da, animaliak erabilteaz bestelako metodoak bilatzea; Gitxitzea, edo esperimentu bakotxean ahalik eta animalia gitxien erabiltea; eta Finketea, animaliei eragindako min, sufrimendu, larritasun edo kalte iraunkorrak kendu edo ahalik eta gehien murriztea.

Rita Levi-Montalcini Animaliategiaren instalazino barriak Medikuntza eta Erizaintza Fakultadearen ondoko eraikin barri batean dagoz, eta 885 m2 ditue.

Eraikinak solairu bi ditu. 0. solairuan dago animaliategia bera, hiru alorretan banatuta: hazkuntza eremua, esperimentazino eremua eta zerbitzu komunak. 1. solairua, ostera, azpiegitura tekniko eta industriala da, han dagoz klimatizazinoa eta argiztapena kontroletako sistemak (oso zorrotzak dira animalientzat), edateko ura iragazteko zirkuitua, ahots eta datu kableak, alarma sistemak...

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu