Jone Uria eta Aitor Bizkarra nagusi astegoienean
2022-10-10 08:00 BertsolaritzeaFinalaurrekoetan kantauko daben bertsolari guztien zerrendea zehaztuta dago.
2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko final laurenetako faseko azken saio biak jokatu dira astegoienean, Donostian eta Lizarran. Zapatuan zein domekan, bizkaitarrak izan ziran irabazle, Jone Uria eta Aitor Bizkarra. Ganera, badakigu ze bertsolarik kantauko daben finalaurrekoetan, puntuazinoaren araberako behin betiko zerrendea prest dago eta.
Final laurenetako saioak irabazi dituen bertsolariek zuzenean eskuratu dabe hurrengo faserako txartela. Alaia Martin, Joanes Illarregi, Nerea Ibarzabal, Haritz Mujika, Jone Uria eta Aitor Bizkarra dira. Puntuen arabera, beste 13 pasau dira:
Oihana Iguaran, Nerea Elustondo, Ane Labaka, Julio Soto, Onintza Enbeita, Agin Laburu, Aitor Etxebarriazarraga, Maddalen Arzallus, Eñaut Martikorena, Saioa Alkaiza, Miren Artetxe, Asier Azpiroz eta Iñaki Apalategi.
Horreei guztiei, aurreko txapelketan finalista izandako beste bost bertsolari batuko jakez finalaurrekoetan: Aitor Mendiluze, Amets Arzallus, Beñat Gaztelumendi, Sustrai Colina eta Unai Agirre. Urriaren 22an hasiko dira finalaurrekoak, Elizondon.
Astegoieneko jardunari jagokonez, zapatuan, 888 ikusle batu ziran Donostiako Victoria Eugenia Antzokian, Bertsozale Alkarteak emondako datuaren arabera. Jone Uriak nagusitasunez irabazi eban, 706 puntu batuta, eta barriro kantauko dau finalaurrekoetan. Onintza Enbeitak be saio polita egin eban, bigarren 688 puntugaz, baita Aitor Etxebarriazarragak be (682,5).
Bizkaitarren atzetik, Maddalen Arzallus (678 puntu) eta Eñaut Martikorena (674,5) geratu ziran, eta honeek be finalaurrekoetan kantauko dabe. Kanpoan geratu da, ostera, Beñat Iguaran seigarrena (659).
Domekan, Lizarran, Aitor Bizkarrari 693,5 puntu emon eutsezen epaileek. Beraz, saioa irabazi eta hurrengo fasera indartsu helduko da abadiñarra. Asier Azpiroz bigarrenak 666 puntu batu zituan, Maialen Akizuk 658,5 eta Imanol Uriak 652. Bosgarren izan zan Unai Gaztelumendi (630,5) eta seigarren Iñigo Mantzizidor (622,5).
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!